Unibertsitate Inklusiboari buruzko Kartel Lehiaketaren seigarren edizioko sariak banatu ditu Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak. Iñaki Morlán Santa Catalinak, Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleak, jaso du lehenengo saria, 'Egin daiteke' izeneko lanarengatik. Bigarren saria Javier Navarro de Almeidak irabazi du, Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko ikasleak, 'Visibles' lanarengatik. Hirugarren saria, berriz, Juan Daniel Orozco Gamboarentzat izan da, Arkitekturaren Oinarrietako Graduko ikaslearentzat, 'Siente la inclusión' lanarengatik.
Arantza Martínez Ikasleen arloko zuzendariak nabarmendu duenez, “gure unibertsitatea inklusiboa dela, eta aukera berdintasunaren eta aniztasunaren arretaren printzipioak kontuan dituela ikusaraztea da unibertsitate inklusiboari buruzko kartel-lehiaketaren helburua. Ikasleek inklusioaren gainean hausnartzea eta haien proposamenak kartel batean islatzea da xedea. Kartel irabazlea inprimatu egingo dugu eta unibertsitateko ikastegi guztietara bidaliko dugu, erakusgai jartzeko. Gainera, parte hartu duten kartel guztiekin erakusketa bat osatuko dugu, eta Euskal Herriko Unibertsitateko hiru campusetatik pasatuko da”.
Guztira 26 lan aurkeztu dituzte Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibertsitate Inklusiboari buruzko Kartel Lehiaketaren VI. ediziora. Honako gai honi buruz lan egin behar izan dute: XXI. mendeko unibertsitate inklusiboa, hau da, desgaitasunen bat duten ikasle guztiei eta, oro har, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasle guztiei ikastea eta jarduera guztietan parte hartzea ahalbidetzen diena, aukera berdintasunean. Lehiaketako epaimahaiak aukeratutako lanak (horien artean, irabazleak): https://www.ehu.eus/eu/web/discapacidad/aukeratutako-lanak-2024
Iñaki Morlán Santa Catalina
Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikaslea
Kartela: 'Egin daiteke'
“Kartel bat ikusteko egiten da, eta, nire diseinuaren bidez, kartela ikusten duen oro interpelatuta sentitzea nahi nuen. Testu lausotuak ikusteko desgaitasuna duten pertsonen ikusmena sinbolizatzen du eta, aldi berean, desgaitasuna duten pertsona guztiak irudikatzen ditu. Ikusteko desgaitasuna metafora gisa erabilita, unibertsitateko kideak sentsibilizatu nahi nituen desgaitasuna duten pertsonen inklusioak duen garrantziaren gainean. Izan ere, desgaitasunak ez ditu pertsonak definitzen; haien ingurunea baldintzatu baino ez du egiten. Gure unibertsitateko leloa ('Eman ta zabal zazu') erabilita, UPV/EHUk, ezagutzaz gain, funtsezko balioak sustatzen eta zabaltzen dituela transmititu nahi nuen, hala nola inklusioa eta aukera berdintasuna.
Egia esan, oso pozik nago kartel lehiaketa hau irabazi izanagatik. Ilusio berezia egiten dit, gertutik ezagutzen dudalako Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko kideek egiten duten lan zoragarria, sarritan aitorpenik jasotzen ez duena. Era berean, Arte Ederren Fakultateko nire irakaslearengatik pozten naiz, Amparo Lozanorengatik. Honelako deialdietan parte hartzera animatzen eta desafiatzen gaitu gelan, karrera amaitu osteko benetako bizimodurako prestatzeko”.