Jarduteko hiru esparru
Esparru Estrategiaren arkitektura jarduteko hiru esparrurekin osatzen da:
- Prestakuntza, bai ikasleena, bai unibertsitateko langileena.
- Ikerketa eta ezagutzaren transferentzia.
- Unibertsitate-sistemaren harremana enpresa-sarearekin eta gizartearekin (Unibertsitatea+Enpresa+Gizartea).
Hiru jarduketa-esparru horietan, Esparru Estrategiak ikuspegi bikoitz batetik planteatzen du nazioartekotzea: Internationalization at Home eta Internationalization at Large. Lehenengoak nazioarteko eta kulturarteko dimentsioak ikasleen, ikertzaileen eta bestelako langileen jarduera formal eta informaletan integratzea dakar, unibertsitate-komunitatearen barruan. Horrela, nazioartekotzearen onurak unibertsitate-komunitate osora iristea lortu nahi da, eta, horrez gain, nazioarteko profilak garatzea bilatzen da mugikortasunaren osagarri diren jarduerekin eta ekimenekin. Era berean, gaitasun profesionalak, linguistikoak eta multikulturalak garatzeko aukera ematen da.
Bestalde, Internationalization at Large delakoa, "nazioartekotze" gisa ezagutu izan da. Euskal unibertsitate-sistematik kanpora begirako estrategia bultzatu nahi da, lankidetzarako eta nazioarteko posizionamendurako arloak identifikatuz, eta jarduteko mugak zabalduz, baina, aldi berean, tokiko errotzeari eutsiz.
Azken batean, 2030erako International Basque University System - Nazioarteko Euskal Unibertsitate Sistema lortzeko, beharrezkoa da hasiera-hasieratik nazioarteko ikuspegia sartzea unibertsitate-komunitatearen esparru guztietan, eta, aldi berean, nazioartekotze-estrategia bat hedatzea kanpora begira.
Esparru Estrategiak 133 ekintza biltzen ditu guztira, goian adierazitako hiru jarduketa-esparruetan eta nazioartekotzeko bi ikuspegietan garatu beharrekoak, at Home eta at Large.
Pasioa
Esparru Estrategiarekin lerrokatuta, Basque International Masters izeneko nazioartekotze-ekintza bat ere aurkeztu da kontseiluaren bileran. Proiektu horren helburua da master-mailako titulazio akademiko espezializatuen makro-taldeak bultzatzea, Euskadin kokatutako unibertsitateek eskainitakoak -BIM izenekoak-. BIM horiek unibertsitate-prestakuntzako klusterrek bultzatuko dituzte -4Gune klusterrak eta KSIgune klusterrak-, Teknologia Kuantikoak, Biozientziak, Ingeniaritza edo Kultura eta Sormena bezalako gaiei buruzko euskal unibertsitate-eskaintza akademikoa -bai dagoen eskaintza, bai sortu berria- nazioartean kokatzeko.