Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bileraren buru izan zen martxoaren 6an Gasteizen. Bertan, Eusko Jaurlaritzak egindako Unibertsitateak + Euskadi Basque Country 2030 Esparru Estrategia aurkeztu zuen, Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) nazioartekotzeko palanka berria.
Kontseiluaren bileran honako hauek ere parte hartu zuten: Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moráisek; Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorzak; Hezkuntzako sailburuorde Begoña Pedrosak; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artarazek; Deustu eta Mondragon unibertsitateetako errektore Juan Jose Etxeberriak eta Vicente Atxak; EHUko Nazioartekotzeko errektoreorde Junkal Gutierrezek; Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente Maite Alonsok; foru-aldundietako ordezkariek; eta Confebaskeko ordezkari batek.
International Basque University System
Nazioarteko lankidetza Euskadiko unibertsitate-eragileen izaerarekin eta helburuekin lotuta dagoenez, Unibertsitateak + Euskadi Basque Country 2030 Esparru Estrategiak aintzat hartzen du unibertsitateek eta bikaintasuneko ikerketa-zentroek Euskadi Basque Country markaren enbaxadore gisa munduan duten balioa. Horregatik, estrategia berri hau, besteak beste, honako bi plan hauekin erabat lerrokatuta sortu da: alde batetik, 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planarekin (USP 2023-2026), nazioartekotzea ardatz nagusitzat hartuta; eta, bestetik, Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategiarekin (EBC 2025 Estrategia).
Horrela, EUSek azken urteetan hasitako eraldaketarekin jarraitu nahi da. Prozesu eraldatzaile horren xedea 2030. urtea da. Urte horretan, Euskadik ikasleak eta nazioarteko talentua erakartzeko polo izan nahi du, eta mugikortasun handia izango du bai ikasleei dagokienez, bai irakasle eta ikertzaileei dagokienez, baita Kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikariei dagokienez ere. Azken batean, 2030. urterako International Basque University System - Nazioarteko Euskal Unibertsitate Sistema bat osatzea da azken helburua.
Helburu estrategikoak
Esparru Estrategiaren azken helburu hori Europako eta nazioarteko testuinguruak euskal unibertsitateen eskura jartzen dituen aukera guztiak aprobetxatzean datza, Euskadiren eta bere nazioarteko eskualde estrategikoen garapen sozial eta ekonomikorako palanka bat eratzeko. Azken helburu hori lortzeko, bigarren maila batean, Esparru Estrategiak bost helburu estrategiko jasotzen ditu:
- Baliabideak eta pertsonak trebatzea nazioartekotzea bultzatuko duen testuinguru bat garatzeko.
- Eskaintza eta nazioarteko lankidetzan espezializatzea eta haiek lehenestea
- Nazioartekotzera bideratutako sistemak eta eskualdeekin akordio estrategikoak definitzea.
- Ezagutza sortzea eta transferitzea, lankidetza-esparru batean eta nazioarteko proiektuak elkarrekin sortzeko esparru batean.
- EUSen posizionamenduan aurrera egitea nazioarteko testuinguruan, 2030ean International Basque University System bat lortu arte.
EUSen nazioartekotzeko eraldaketa-prozesuan, Estrategiak Europako Unibertsitate Eremuan eta Europako Ikerketa Esparruan parte hartzea azpimarratzen du. Eraldaketa-prozesu horrek lehentasuna emango dio EUSek Europako eta nazioarteko beste unibertsitate-sistema bikain batzuekin lankidetza sustatzeari, nazioartean posizionatzeari eta sistemaren eraldaketa digitalari.
Horretarako, Estrategiak lehentasunezko geografia batzuk identifikatzen ditu (EBC 2025 Estrategiarekin bat datozenak); horietan, lehenik eta behin, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea eta EBko herrialdeak nabarmentzen dira (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Suedia, Danimarka, Finlandia...), eta ondoren, Ameriketako herrialdeak (Kanada, AEB, Txile...).