Prestakuntza

Unibertsitate tasak behera Euskadin

Hezkuntza Sailak iragan maiatzaren 24an aurkeztu zuen, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren aurrean, 2022-2023 ikasturterako unibertsitate-ikasketetarako prezio publikoen inguruko bere proposamena. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aurkeztutako proposamena onartu egin zuen aipatutako koordinazio-kontseiluak egindako bileran.

Hezkuntza Sailak 2022-2023 ikasturteko unibertsitate-prezio publikoen inguruan hartu dituen neurri nagusiak honako hauek dira:

  • Lehen matrikulen tasak murriztea: graduko ikasketetako lehen matrikulen prezioak  % 4,7 murriztuko dira, 2021-2022 ikasturte honetan indarrean daudenekin alderatuta. Gaikuntza-masterren kasuan, murrizketa hori % 19,5etik % 35,9ra bitartekoa da, masterraren arabera.
  • Bigarren matrikulen eta hurrengoen tasak izoztea: 2021-2022 ikasturteko honetako prezio berean geratuko dira.

Tasak izozturik 2015-2016 ikasturtetik

Hezkuntza Saila ahalegin handia ari da egiten azken urteotan unibertsitatetasei igoerarik gabe eusteko, familiei lagundu eta ekitatea bermatzeko helburuz. Horrela, Sailak unibertsitateko matrikulak izoztuta mantendu ditu zazpi urtez jarraian, 2015-2016 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera. Neurri horiei gehitu behar zaie orain 2022-2023 ikasturterako tasen jaitsiera.

Unibertsitate bekak

Bestalde, azken txanpara iritsi den 2021-2022 ikasturte honetan, 14.398 unibertsitate-ikaslek jaso dute bekaren bat Hezkuntza Sailak unibertsitateko ikasleentzat irekitzen dituen deialdietan. Emandako beka guztien artean, 10.647 beka orokorrak izan dira, 28,4 milioi euroko zenbatekoarekin. Hezkuntza Sailak beka horien izapidetzea arintzeko hartutako konpromisoari jarraituz, eskaeren % 70 ebatzita eta ordainduta zeuden 2021eko abenduaren 31n. Horrek   % 60ko igoera esan nahi du aurreko urteekin alderatuta. 2022-2023 ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak beken ebazpen eta ordainketa goiztiarrean aurrera egiten jarraitzea jarri du helburutzat.

Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen beka eta laguntza-programak (beka orokorra, nazioarteko mugikortasun-bekak, Ikasiker bekak, iragate eta ekintzailetza-bekak, doktoretza aurreko eta doktoretza ondoko deialdiak…) 45,6 milioi eurokoak izan dira guztira ikasturte honetan, unibertsitate eta ikerketaren esparruan.