Unibertsitatea

Uda Ikastaroen balantzea (III)

Erronkak

42. edizio honetan bederatzi erronka nagusi izan dira ardatz: gazteak hizpide; giza eskubideak ortzi-mugan; hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna; bizi-kalitatea oinarri; kultura eta artea; iraunkortasuna; ekonomia soziala; digitalizazioa eta adimen artifiziala.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzenduriko Aldaketa klimatikoa, elikadura eta gastronomia ikastaroak ingurumenari eta iraunkortasunari dagokienez, elikadurak duen dimentsio soziala agerian utzi du, eta jarraipen handia izan duten ikastaroetako bat izan da. Aldaketa klimatikoari lotuta, Baso-suteak, nola egin aurre? ikastaroak zeresan handia eman du bizi ditugun garaiongatik.

Torturaren biktimen kolektiboaren aitortza eta erreparazioa ahalbidetzeko orain arte hartutako neurriei eta jarduerei buruz hausnartzeko antolaturiko Egia eta aitortza torturaren biktimentzat ikastaroak interes handia piztu du, baita indarkeria jasan duten haurrak eta nerabeak elkarrizketatzeko moduei buruzko nazioarteko ikerketaren egungo egoera aztertzeko egin den Kontatu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen ikastaroak ere.
Ongizatea eta osasuna hizpide izan dira eta jakin-min handia eragin dute Osasun Digitalaren Nazioarteko X. Biltzarrak, adikzioei buruzko ikastaroak zein gizonezko eta maskulinitateei lotutako tratamendu eta laguntzari buruzkoak.

Arteak eta kulturak tarte berezia dute UIKn. Kultur gestioa interesekoa dutenei zuzendurik, Kulturgest Bilbao zikloaren bigarren edizioa antolatu da Bilboko Udalarekin lankidetzan. Datorren urtean, ondo bidean, kongresu batekin amaituko den hirugarren edizioa dute jomuga.

Eduardo Chillidaren obraren eta pentsamenduaren ikerketan sakondu asmoz hirugarrenez antolaturiko Eduardo Chillida Eskola, Benito Barrueta jaio zeneko 150. urteurrena-ren harira egin den ikastaroa zein Anjel Lertxundi: idazlea eta obra ikastaroak nabarmendu dira.

Ezagutzan sakontzeko ezberdinen arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa da. Eta UIKn dibertsitatea letra larriz idazten duten ezaugarria da. Ezberdinen arteko bilgune direnez, zentzu orokorrean (ikastaroetako edukiak, partaide diren pertsonen profilak, adina, generoa, kultur ikuspegia) aniztasuna sustatzea da ikastaroen eguneroko ogia. Baita hizkuntza-aniztasunari dagokionez ere. Askotariko hizkuntzak entzuten dira uda ikastaroetan eta euskararen presentzia arretaz zaintzea eta areagotzea da UIKren etengabeko apustua.

Duen funtzioaren eraginez, ezinbestean, behatoki izaera du UIKk eta gizartearen beharrizanak identifikatuz, etengabeko eraldaketan ari da joera berriak identifikatuz eta eskaintza norabide horretan lerratuz. Uda Ikastaroen helburua dibulgazioa eta gizarteko arlo ezberdinen arteko elkarrizketa bideratzeko topagune izatea da eta jardueretan sortzen diren ideia, hausnarketa eta sareek, ikastarotik haratago, proiektu berriak eta transformazioa eragitea da haren nahia. Eta hori lortzeko bide ezberdinak jorratzen ari da, Uda Ikastaroen formatuak eta haien zabalkunderako bitarteko teknologikoak berrituz.

Garaira egokitzeko etengabeko ahalegina da UIKren eskaintzaren harrera onaren giltza: programazioa osatzerakoan ezagutzaren alorrean erreferenteak diren erakundeekin eta norbanako adituekin elkarlanean aritzea eta sare hau etengabe berrikustea; gizartearentzat interesgarriak diren gaurkotasun handiko gaiak plazaratzea; adin-, genero-, maila akademiko- zein kultura-askotariko hartzaileak aintzat hartzea eta, ezagutzaren transmisioa bermatzeko garaiko baliabideak eta metodologiak erabiltzea, horiek dira UIKren errezetaren sekretuak. Horiekin batera, nola ez, ezinbestekoak dira UPV/EHUren kalitate bermea den programa batzordearen ezagutza zein eskarmentua eta Fundazioko lantaldearen lan zaindua.

Datorren edizioa antolatzeari ekingo diote berehala. 2024ko Uda Ikastaroen programa osatzeko proposamenak jasotzeko epea azaroan zehar luzatuko da, eta, interesa duen eragile zein norbanako oro gonbidatzen dute parte hartzera.
Udazkeneko programazio zehatza www.uik.eus atarian jarraitu ahal izango da.