Unibertsitatea

Uda Ikastaroen balantzea (I)

Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen 42. edizioaren balantzea aurkeztu zen komunikabideen aurrean. Ekitaldian UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkizia eta Udako Ikastaroen zuzendari akademiko Itziar Alkorta izan ziren. Prentsaurrekoa Donostiako Miramar Jauregian egin zen.

Ekainaren hasieratik irailaren erdialdera, 133 Uda Ikastaro antolatu dira. Horiekin batera, urtean zehar UIKtik 21 workshop, 13 online ikastaro asinkrono, 7 jarduera ireki eta Donostia Sustainability Forum-en baitako beste 7 saio ireki programatu dira. Uda Ikastaroetan 9.158 parte-hartzaile izan dira; workshop-etan 1.977; iraupen luzeko online ikastaro asinkronoei dagokionez, 338; Donostia Sustainability Forum-en baitako jarduera irekietan 903 eta, gainerako jarduera irekietan, 464 parte-hartzaile. Guztira 12.840 pertsonaz osaturiko komunitatea izango dugu 2023an UIK-k antolaturiko aktibitateetan.

Aurten, gazteen parte-hartzea sustatzea zen helburua. Gazteen parte-hartzea funtsezkoa da UIKentzat eta gazte gehiago erakartzeko asmoz abiatutako ekimenek harrera ona izan dute. 25 urte arteko gazteek matrikula prezioan beherapenak izan dituzte eta gazteei zuzenduriko programa modu berezituan egokitu da beraien interesetara. Adibide moduan, Saltillo eskola-ontzian zenbait egunetako zeharkaldia egiteko aukera izan dute ozeanoaren iraunkortasunaz eta nabigazioaz ikasteko; edo, IHOBErekin elkarlanean antolatutako Ingurumen Komunikazioko Eskolaren bosgarren edizioa, Nola komunikatu ingurumen-gaiak gazteekin eta gazteentzat ikastaroa.

Gaurkotasun handiko gaiak jorratu dituzten ikastaroak ere nabarmentzen dira, gizartearen kezka iturri diren gaiak ere jarri dira mahai gainean: indarkeria futbolean, gazte-delinkuentzia eta suizidioa, besteak beste. Jarraipen handia izan dute ikastaro hauek guztiek.