Prestakuntza

TKNIKAk Ekonomia Zirkularreko lehen ikastaroa eman du LHko irakaslegoarentzat

Biozientzia eta Jasangarritasunaren Arloak LHko Ekonomia Zirkularreko Ikastaroaren lehen promozioko saio presentzialak eman zituen Tknikaren instalazioetan eta LHko Iurreta zentroan. Ikastaro hau baliagarria izan da LHko irakasleei ezagutza transferitzeko. Bertan Ekonomia Zirkularreko oinarriak, araudia, jardunbide egokiak eta jardueren diseinua irakatsi eta transferitu dira, gerora Lanbide Heziketako hainbat arlotan ezarri ahal izateko.

Ikastaroak erantzun bikaina izan zuen irakasleen aldetik. Martxoaren amaieran aurrez aurreko hiru jardunaldi burutu ziren, non Euskadiko LHko hogeita hamar irakaslek baino gehiagok bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten Tknikak ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren arloan bultzatutako esperientziak. Tknikaren instalazioak bisitatu ziren, non ikerketa desberinak egiten ari diren, hala nola, akuaponian, gastronomia solidarioan, elikadura-azpiproduktuen bidezko elikagai berrien elaborazioan eta baita birziklatzeko eta maskara jasangarriak egiteko proiektu interesgarri batean ere.

LH-k bultzatutako ikerketa lan handiaren erakusgarri.

Ekonomia Zirkularraren oinarrietatik Euskadin bultzatutako jardunbide egokietaraino

Mari José Barriolak, Tknikako Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloko zuzendariak, eman zion hasiera ikastaroari, eta irakasleekin partekatu zituen bere arlotik bultzatutako proiektuak eta esperientziak, bertako instalazioak bisitatuz. Irakasleek Tknikak ekonomia zirkularraren arloan bultzatutako lan-ildoak eta esperientziak ezagutu eta bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten, adibidez, “Gastronomia solidarioa”-ren proiektu arrakastatsua, hainbat zentro eta familia profesionalen elkarlaren bitartez zailtasunak dituzten familiei egunero mila menu baino gehiago eman zizkiena. LH-ren gizarte-konpromisoaren adibide bikaina.

Eusko Jaurlaritzako Ihobeko Ekonomia Zirkularreko arduradun Iñigo Aizpuruk Eusko Jaurlaritzak zirkulartasunaren eta jasangarritasunaren arloan dituen lan-ildo nagusiak partekatu zituen irakasleekin, sektorekako argitalpen, azterlan eta aplikazio-gida bikainen bidez. Ezagutza- eta aplikazio-esparru horrek ate bat ireki zien ikastetxeetan eta enpresetan ekonomia zirkularreko proiektuak bultzatzeko baliagarriak diren material askori. Hori guztia mundu mailan lortu nahi diren 2030erako GJHen garapenarekin lotuta dago, eta Euskadi ere horrekin konprometituta dago.

Hurrengo bi jardunaldietan, eta Iurretako LHko ikastetxean, irakasleek oinarrizko aplikazioko araudia ezagutu ahal izan zuten eta hau Ethaziren erronketan, proiektuetan edota ikasleekin burutzen diren jardueretan nola hedatu, hau dena Tknikaren kolaboratzaile diren Amaia Sastre eta Rafa Balpardaren eskutik. Prestakuntzaren helburu nagusietako bat, oinarrizko ezagutzak eskuratzeaz gain, lehendik ezarrita zeuden jardunbide egokiak ezagutzea eta bakoitzaren ikastetxean ezartzeko benetako jarduera bat diseinatzea zen. Tknikaren tutoretzapean burutuko den jarduera horrek diseinu erdipresentziala izango du apirila eta maiatza bitartean.

Ikastaro honen bidez, ikastetxeei eta ikasleei transferentzia praktiko bat egitea lortu nahi da, laster ikasgeletan curriculumaren zati gisa erabili ahal izateko, ekonomia zirkularreko gaitasunak garatzen laguntzeko irakasleen, ikasleen eta, ondoren, enpresen artean.

Jarduera horietako asko lehen promozio honek laster bultzatuko dituen errealitatea izatea espero da.