Urtebete gehiago, euren ikasgeletan kultura ekintzailea lantzen duten LHko euskal ikasleak elkartu dira gaur goizean Eibarren, Ikasenpresa Azokaren zortzigarren edizioan parte hartzeko. Txaltxa-zelai eta Untzaga plazan kokatutako postu eta karpetan, ia 2.000 ikaslek erakutsi dituzte gaur goizean zehar ikasgelan, kultura ekintzailea sustatzeko Ikasenpresa programaren barruan, garatu dituzten produktu edo zerbitzuak. Aurten, 376 dira azokan erakutsi diren Ikasenpresa proiektuak, guztiak Euskal Herriko Lanbide Heziketako 81 zentrotakoak.
Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuko zuzendaria, Rikardo Lamadrid, Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos, eta Tknika – Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroko zuzendari exekutiboa, Iñaki Mujika.
Ikasleek garatutako eta azokan erakutsitako produktu edo zerbitzuak hainbat arlo edo sektoretakoak dira, besteak beste, soziosanitarioa, informatika, energia, robotika, ostalaritza, ile-apainketa eta estetika, kimika, turismoa, eraikuntza edo nekazaritza sektorea.
Zer da Ikasenpresa Programa?
Ikasenpresa ikasgelan eskola-enpresen sorreraren inguruan garatzen den hezkuntza programa da. Proiektu honen helburuetako bat enpresa-mundua ikasgelara hurbiltzea da, ekintzailetza-gaitasunen garapena sustatuz (sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, ekimena, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa, etab.) , beste kulturekiko eta gizarte-errealitateekiko hurbilketa sustatzea eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea.
Programaren helburuak:
Ikasenpresa bat sortzea, eta horrekin ikasleek ekitea zer den eta horretarako eman beharreko pausoen berri izan dezaten.
Ikasleen gaitasunak garatzea profesional on bihurtzeko: pertsona enplegagarriak, aktiboak, ekintzaileak eta barne-ekintzaileak.
Ikasleak sentsibilizatu, autoenplegua beste aukera bat izan dadin.
Zer egiten da?
Ikasleek enpresa txiki bat sortzen dute eta bertan bere jarduera guztiak burutzen dituzte, irudi korporatiboa edo administrazioa, marketina, erosketa eta salmenta, etab. Haien produktuak edo zerbitzuak errealak dira, haiek egindakoak edo merkaturatuak.