Beste Berriak

TECNALIA eta UPV/EHU, elkarlanean (I)

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak berretsi egin dute duela lau urte bi erakundeek sinatu zuten akordioa, oinarri dena Euskadiko ekoizpen zientifikoan nagusi diren bi erakundeek batera egiten duten jarduera guztiarentzat. Hain zuzen ere, INNOBASQUE Berrikuntzaren Euskal Agentziak berriki argitaratu duen I+G jarduerari buruzko 2022ko Txostenaren arabera, UPV/EHU eta TECNALIA “euskal I+G+b arloko bi erakunde nagusiak” dira.

Sinadura horren bidez, indartu egingo da bi erakundeen lankidetza-estrategia, helburu oso argi batzuei begira: doktoreen prestakuntza bateratua sustatzea, ezagutzaren transferentzia enpresetara, ekintzailetza-arloko ekimenak bultzatzea, eta ikertzaileen mugikortasuna areagotzea.

Hori horrela, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta TECNALIAren arteko lankidetzaren egungo zifrak dira: 100 doktoregai baino gehiago lankidetzan eginiko tesietan, 140 argitalpen indexatu, 51 lankidetza proiektu, 11 milioi eurora heltzen den baterako urteko kontratazioa, 4 Ikasgela Teknologiko eta 120 ikertzaile biltzen dituzten 5 JRL (Joint Research Laboratories). Zehazki, akordioa indarrean egon den lau urteetan, 523 argitalpen indexatu egin dira lankidetzan, 12 baterako patente erregistratu dira, 90 ikasle inguruk Master Amaierako Lanak egin dituzte Ikasgela Teknologikoetan, eta 40 tesi irakurri dira gaur egun egiten ari diren 100etik gora tesien artetik.

Testuinguru horretan, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak nabarmendu duenez: “Bi erakundeok ibilbide luzea dugu elkarlanean. Orain erabaki dugu elkarlan horretan sakontzea eta etorkizunerantz proiektatzea. Erreferentziazko bi erakundeak gara Euskadiko I+G alorrean, baita erakunde osagarriak ere jarduera askotan: batera egiten dugun lanak aise gainditzen du bakoitza bere aldetik arituz gero lortuko genituzkeen emaitzen batura”.

Bere aldetik, Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “akordio berri honek neurri handi batean areagotuko du bi erakundeok historikoki izan dugun lankidetzaren inpaktua. Funtsezkoa da konektatzea ikerketaren eta prestakuntzaren alorra enpresen munduarekin, eta horregatik saiatzen gara bereziki ezagutza enpresen sarera transferitzen”.