Beste Berriak

STEAM Euskadi Sariak: abian da sariketaren hirugarren edizioa (II)

STEAM Euskadi Estrategia

STEAM Euskadi Sariak Hezkuntza Sailaren ekimena dira, STEAM Euskadi Estrategiaren baitan sortua. Ikasleen prestakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzea (neskei arreta berezia jarrita) lehentasunetako bat da Eusko Jaurlaritzarentzat. STEAM Euskadi Estrategiaren bidez, Hezkuntza Saila hainbat ekimen gauzatzen ari da STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) hezkuntza bultzatzeko; izan ere, Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bermatzeko elementu giltzarria da hezkuntza-eredu hau.

STEAM Euskadi Sariak martxan jartzearen helburua ere hori bera da: arlo horretako jardunbide egokienak ikusaraztea eta aintzat hartzea, bai haien eraginagatik eta berrikuntza-mailagatik, bai neskatilak, neska gazteak zein emakumeak diziplina horietara erakartzeko duten gaitasunagatik.

Zer da STEAM Hezkuntza?

STEAM Hezkuntza Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak Artearekin eta Giza Zientziekin harremanean lantzen dituen hezkuntza da. Oinarrizko konpetentziak garatzen ditu, bai zeharkakoak bai diziplinazkoak, eta ikasleak ahalduntzen ditu gure gizarteko erronkei era arduratsuan aurre egiteko.

Hezkuntzaren STEAM ikuspegiak arlo horietako kontzeptuak aldi berean eta era integratuan ikastea ahalbidetzen duten egoerak eragiteko asmoa izan ohi du, nahita, arazoak diseinatzeko eta ebazteko testuinguru praktiko batean, enpresetan eta ingeniaritzan egiten den moduan. Ikerketan oinarritzen da, eta ikerketa hori honela gauzatzen da: esperimentuak planifikatu, hipotesiak ikertu, informazioa bilatu, ereduak eraiki, taldean lan egin, eztabaidatu eta azalpen koherenteak proposatu.