Beste Berriak

Passion for Knowledge bueltan da (II)

Halaber, 'STROM - Astronomia inklusiboa' izeneko astronomia-erakusketa berritzaile bat inauguratuko da jaialdiarekin batera. Erakusketa horrek ateak zabalduko dizkio inklusioari, eta, hala, ukimenean, entzumenean eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako esperientziak eskainiko ditu: esate baterako, aukera emango du planeten gainazala eta Ilargiaren kraterrak hatzez ukitzeko edo Eguzkiak egiten dituen soinuak entzuteko. DIPCk berariaz Passion for Knowledge jaialdirako, eta Tabakalerarekin elkarlanean, antolatu du erakusketa, eta urriaren 4tik 31ra bitartean bisitatu ahal izango da Tabakalerako 3. solairuan.

Asteburuan, bestalde, Passion Txiki egingo da Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Txikientzako zientzia-jaialdi txiki bat da, Kutxa Fundazioaren laguntzari esker antolatua, esperimentu-tailerrak, ipuin-kontalari zientifikoak, jokoak eta beste zenbait jarduera eskainiko dituena etxeko txikientzat.

2023ko Passion for Knowledge DIPCko patronoen etengabeko laguntzari esker antolatu ahal izan da: Eusko Jaurlaritza -Hezkuntza Sailaren eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bitartez-, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Donostiako Udala, Kutxa Fundazioa, Telefónica, EDP eta CAF; bai eta Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailaren eta Berrikuntza Funtsaren bidez ematen duen berariazko finantzaketa bati esker ere.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak aurkezpenean nabarmendu duenez “Eusko Jaurlaritzarentzat eta Hezkuntza Sailarentzat lehentasuna da zientzia, teknologia eta berrikuntza-politika, eta hori, batez ere, euskal gizartearentzat ere lehentasunezkoa delako da horrela. Ezagutza pertsona ororen ondasun publikoa da; hori zabaltzea interes publikoko kontua da eta hedapena ematea da demokratizatzeko modurik onena. Zentzu horretan, Passion for Knowledge luxua da, ikasleei, irakasleei eta gurasoei hainbat jarduera eskaintzeko aukera ematen baitigu. Gure haurrek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izango dituzte maila goreneko zientzialariak. Eta bereziki emakume zientzialariengan jartzen dut arreta, ezagutza inklusiboa delako mezua helarazten baitiete gure ikasleei, gizonen eta emakumeen ahalegin zein lorpenak beti ez direla berdin baloratu izan ulertarazteaz gain. Azken batean, aparteko ekitaldi batean izateko aukera paregabea dugu”.

Pedro Miguel Etxenikek DIPCren ideia gidaria nabarmendu du, hots, “zientziak balio kultural eta hazi eraldatzaile” gisa duen garrantzia, eta garbi utzi du nahitaezkoa dela pentsamendu kritikoa informazio gehiegizkoaren eta fake newsen garaiotan. DIPCko lehendakariak Hipatiaren aipu bat erantsi du: “gorde ondo hausnartzeko zure eskubidea, gaizki pentsatzea ere hobea baita ezer ez pentsatzea baino”, eta ezagutzaren jaialdi honetan parte hartzeko gonbita egin die herritar guztiei.

Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendariak nabarmendu duenez, “Mundu mailako punta-puntako ikerketa-erakundeak dituen zientzia- eta ezagutza-hiri bat da Donostia. Testuinguru horretan, beraz, jarduera hori herritarrei helarazteko ekimen naturala da Passion for Knowlege jaialdia, aukera aparta guztiok partekatzeko ezagutzarekiko lilura. Oso zaila da munduan zehar gurea bezalako jaialdi bat aurkitzea”.

Jaialdiari buruzko azken berriak jasotzeko, eman izena jaialdiaren newsletterrean:
https://p4k.dipc.org/en/home#newsletter