Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak antolatuta, 2023ko Passion for Know-ledge (P4K) zientzia-jaialdiak zortzi Nobel saridun eta nazioarteko zientzialari entzutetsu ugari bildu ditu, guztiak ere azken hamarkadetako aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuen protagonistak. Luxu benetakoa guztion eskura, harrotasunez ospatzeko zientziak gizateriaren mesedetan egin duen urrats bakoitza.
Passion for Knowledge jaialdiak irudi berria du aurten, eta publiko-mota ororentzako jarduera-programa zabala. Gala-jantzian helduko da zientzia gurera azken aurkikuntzak herritarrekin partekatzeko, urriaren 2tik 7ra, Donostian, Bilbon eta beste herri batzuetan egingo den jaialdiaren edizio berri batean.
Passion for Knowledge jaialdiaren helburua da zientzia funtsezko kultura-jarduera gisa sustatzea, hurrengo belaunaldien ongizateari laguntzeko eta ezagutza nabarmentzeko zientzia-, teknologia- eta kultura-aurrerapenaren eragile gisa. Era askotako ikusle-entzuleentzako jarduera-sail batekin osatu da programa: Bigarren Hezkuntzako ikasleekiko topaketa jendetsuak, ikertzaile gazteentzako dibulgazio-saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, bertso-saioa, Naukasen kolaboratzaileen eta streameren dibulgazioa, proiekzioak, etab.
Jaialdiaren egoitza nagusian -Victoria Eugenia antzokian- arratsaldez egiten diren hitzaldi nagusiak dira jaialdiaren egitarau zabalaren jarduera bereizgarria. Zenbait Nobel saridunen eta zientzia-diziplina askotariko nazioarteko izen handien eskutik, ikus-entzuleek fisika kuantikoaren, kimikaren, biomaterial adimendunen, botanikaren edo bioteknologiaren berri izango dute. Aurtengo gonbidatuen artean, besteak beste, hauek izango ditugu: Özlem Türeci, zeina giltzarri izan baita COVID-19aren aurkako txertoaren lasterketan; Didier Queloz (2019ko Fisikako Nobel sariduna), lehen exoplanetaren aurkitzailea; Jean-Pierre Sauvage (2016ko Kimikako Nobel sariduna), makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, zeinak Fisikako Nobel saria jaso baitzuen 2018an laserren eremuan egindako ikerketa aitzindariari esker; Dario Gil, IBMko presidenteordea eta IBM Researcheko zuzendaria, non konputazio kuantikoko munduko laborategirik handiena garatzen baitihardute; eta Jocelyn Bell Burnell, pulsarren aurkitzailea. Luxu benetakoa, guztion eskura, eta, gainera, saio bereziak Euskalduna Jauregian eta Beasaingo CAF enpresan.
Tradizioak agindu bezala, Victoria Eugenia antzokian, gainera, Bertso Passion ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da. Bertsolaritzaren izen nabarmenetako batzuk entzuteko aukera izango da, hala nola Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña; horretaz gainera, Naukas Passion-en saio ezagunak ere izango dira, non zientziaren dibulgazioan eta komunikazioan diharduten Espainiako zenbait izen ospetsuk parte hartuko baitute. Aurten, gainera, formatu berri bat estreinatuko du jaialdiak: Streamer saioak; Espainiako eduki zientifikoko streamerik onenak oholtzara igoko dira, eta hainbat gai zientifiko eta teknologikoren azken aurrerapenak partekatuko dituzte guztiokin.
Jaialdiaren aurtengo edizioan ere, ohi bezala, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eta punta-puntako ikertzaileen arteko Topaketa jendetsuak egongo dira; aurten, bost Nobel saridunek parte hartuko dute topaketotan. Topaketon helburu nagusia da gazteengan -bereziki, neskengan- zientzia ezagutzeko jakin-mina piztea eta bokazio zientifikoak sortzea. Telefónica, EDP eta UPV/EHU topaketen babesle dira. Aukera paregabea da ikasleei ezagutzarekiko grina helarazteko. Topaketetan parte hartzeko, ikastetxeek lekua erreserbatu behar dute irailaren 8a baino lehen jaialdiaren webgunean: https://p4k.dipc.org/eu/izen-ematea-topaketak.