Unibertsitatea

NUPen emaitza onak Espainiako Unibertsitatateetako Txapelketetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zazpi domina lortu ditu (urrezko bi, zilarrezko bi eta brontzezko hiru) joan den astean Ciudad Realen eta Los Alcázaresen (Murtzia) egin ziren Espainiako Unibertsitateetako Txapelketetan: atletismoan eta borroka olinpikoetan. Sari preziatu horiek gehitu behar zaizkio Halterofiliako Espainiako Txapelketan lortutakoari. Txapelketa duela hamabost egun egin zen Murtziako herri horretan. Miren Huarte Montesek eta Gorka Gracia Garijok lehen postuan bukatu zuten borroka olinpikoetan eta Laura Cháfer Vírsedak halterofilian. 

Zehazki, borroka olinpikoetan, Miren Huarte Montes Erizaintzako Graduko ikasleak urrezko domina lortu zuen 64 kg-ko kategorian. Gorka Gracia Garijok ere urrezko domina irabazi zuen 62 kg-ko kategorian. Ikaslea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua egiten ari da. Murtziako Unibertsitateak antolatu zuen txapelketa apirilaren 18an eta 19an, eta Íñigo Gironés Artázcoz Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduko ikasleak zilarrezko domina lortu zuen 62 kg-ko kategorian, eta Sergio Vallez Pérezek, titulazio bereko ikaskideak brontzezko domina lortu zuen 62 kg-ko kategorian.

Gaztela-Mantxako Unibertsitateak apirilaren 19tik 21era Ciudad Realgo campusean antolatu zuen Atletismoko txapelketari dagokionez, Tristán Cárdenas Otel Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikasleak zilarrezko domina lortu zuen 100 metroko lasterketan; Jihad Essoubai El Idrissi Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko ikasleak brontzezko domina lortu zuen 1.500 metroko lasterketan; eta Mikel Ozkoidi Martínez Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko ikasleak brontzezko domina lortu zuen diskoko modalitatean.

Espainiako unibertsitateetako hiru errekor
Azkenik, Laura Cháfer Vírseda Psikologiako Graduko ikasleak urrezko domina lortu zuen Halterofiliako Espainiako Txapelketan 64 kg-ra arteko kategorian. Lehiaketa Los Alcázaresen egin zen apirilaren 5ean eta 6an, eta Murtziako Unibertsitateak antolatu zuen. NUPeko ikasleak Espainiako unibertsitateetako errekorrak hautsi zituen abiadan (89), bi denboratan (103) eta lehiaketa olinpikoaren guztizko puntuazioan (192), eta elite puntuka emakumezkoen hirugarren markarik onena lortu zuen (78,37).