Ingeniaritzarekin zerikusia duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait master eta gradutako zortzi ikaslek Erasmus+ BIP (Programa Intentsibo Konbinatuen ingelesezko siglak) egonaldi batean parte hartu zuten ekainaren amaieran. Egonaldia Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen Baionako campusean egin zuten, eta, NUPeko ikasleez eta Javier Faulín Fajardo Estatistikako eta Ikerketa Operatiboko katedradun eta ISC-ko kideaz gain, Frantziako unibertsitate horretako hogei bat ikaslek eta Frankfurt University of Applied Sciences Unibertsitateko (Alemania) beste hainbatek hartu zuten parte.
Egonaldiak lau egun iraun zuen, eta hidrogeno berdearen eta mugikortasun jasangarriaren gaia lantzea zuen helburu; horretarako zenbait jarduera egin zituzten, hala nola lantegiak eta hitzaldiak. Paueko Unibertsitateak gidatuta eta bertako Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Gisèle Mendy-Bilek dekanoak zuzenduta, zenbait adituk hartu zuten parte hitzaldietan, hala nola Fernando Bimbela Serrano NUPeko Ingeniaritza Kimikoko irakasleak, Xavier Vigor Air Liquide enpresako kideak, Pierre Forté Pragma Industrieseko sortzaileetako batek eta Hyliko enpresako ordezkari batzuek. Ikasleek aukera izan zuten diziplina anitzeko taldeetan lan egiteko nazionalitate desberdineko ikaskideekin. Gainera, harrerako unibertsitateak antolatutako jarduera sozial batzuekin osatu zen egonaldia; esate baterako, Musikaren Jaian hartu zuten parte eta piknik bat ere egin zuten Biarritzeko hondartzan.
Hauek dira parte hartu zuten zortzi ikasleak: Ainhoa Albistur Ahechu, Alejandro Aldunate Cía, Borja Chocarro de Erauso, Mario Huarte Muñoz, Jessica Lombana González, Sabino Liébana López, Pablo Mendióroz Beaumont eta Julen Otxoa Bueno.
Programa intentsibo konbinatuak
Programa Intentsibo Konbinatuak (BIPak) Erasmus+ 2021-27 programak eskaintzen duen mugikortasun mota bat dira, eta gutxienez 60 kreditu gaindituak dituzten ikasleek hartzen ahal dute parte haietan. Programa laburrak dira, irakasteko eta ikasteko prozesuan metodologia berritzailea erabiltzen duten Europako hiru unibertsitatek gutxienez antolatuak. Bi osagai dituzte: egonaldi fisiko bat atzerrian, iraupen laburrekoa, eta prestakuntza birtualeko beste parte bat. Ikasketa-espedientearen arabera aukeratzen dira ikasleak.
Jarduerak, Erasmus+ programan ez ezik, NUPeko Logistikaren Katedraren jardueretan ere kokatzen dira. Javier Faulín irakaslea da Katedra horren arduraduna. Era berean, jarduerek bat egiten dute bai NUP bai Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea partaide dituen UNITA aliantzaren estrategiarekin.