Nafarroako Unibertsitate Publikoak hobetu egin du Leidengo Rankingean zuen posizioa. Leidengo Unibertsitateko (Herbehereak) Centre for Science and Technology Studies-ek egiten du ranking hori. Eragin zientifikoaren (top % 1) PP adierazlean, 1. postuan dago NUP Espainiako unibertsitateen artetik, eta munduko 1.411 unibertsitateetatik, berriz, 112.etik 165.erako tartean.
Bibliometriaren esparruan munduan egiten den sailkapenik prestigiotsuena da, haren adierazleetan zorroztasun handia duelako eta eragin normalizatua erabiltzen duelako.
Bibliometria jakintza-arlo bat da, metodo matematikoak eta estatistikoak erabiliz literatura zientifikoaren zenbait alderdiri buruzko datuak ematen dituena.
2023ko edizioan mundu osoko 1.411 unibertsitatek hartu dute parte, horien artean 45 Espainiakoak. Unibertsitate bat ranking horretan sartzeko, bete beharreko baldintza da 2018-2021 aldian 800 argitalpen indexatu baino gehiago argitaratu izana Web of Science webgunean. 2022an agertu zen NUP lehenbizikoz ranking horretan. 815 argitalpen zituen orduan; 2023ko edizioan, aldiz, 879. Web of Science Core-n argitaratutakoak bakarrik hartzen dira kontuan -artikuluak eta azterketak-, eta kolaborazioko argitalpenak zatikatuta kontatzen dira.
Adierazleak eta hobekuntza
Alor geografiko edo zientifikoaren eta adierazle motaren arabera (eragin zientifikoa, kolaborazioa, sarbide irekia eta generoa), hainbat sailkapen zerrenda osatzen ahal dira.
Hori horrela, eragin zientifikoari begiratuta eta zientzia alorrak globalki hartuta, NUP 1. postuan dago Espainiako unibertsitateen artean (top % 1) PP adierazlean. Adierazle horrek beren arloetan aipamen gehien dituzten argitalpenen % 1en artean dauden argitalpenen proportzioa adierazten du. Horretaz gainera, Espainiako unibertsitateen artetik 2. da (top % 5) PP adierazlean -beren arloan aipamen gehien dituzten % 5 argitalpenen artean dauden argitalpenen proportzioa guztizkoaren aldean- eta 3.a (top % 10) PP adierazlean -beren arloan aipamen gehien dituzten % 10 argitalpenen artean dauden argitalpenen proportzioa guztizkoaren aldean-. Aurreko sailkapenean, 4., 7. eta 10. postuetan zegoen NUP, hurrenez hurren.
Zientzia Biomedikoen eta Osasunaren arloan, lehenbiziko dago NUP Espainiako unibertsitateen artetik, hiru adierazleetan, hau da, top % 1, top % 5 eta % 10 PP adierazleetan; mundu osoko unibertsitateekin alderatuz gero, 61.-76., 108.-112. eta 160.-167. tarteetan, hurrenez hurren. Matematikaren eta Konputazio Zientzien arloari dagokionez, top % 1 PP adierazlean, lehenbiziko posizioan dago NUP Espainiako unibertsitateetatik eta 81.-99. tartean mundukoetatik.
Bestalde, nazioarteko kolaboraziozko argitalpenen adierazlea aztertuta -bi herrialde edo gehiagotako erakundeekin lankidetzan egindako argitalpenen proportzioa islatzen du-, NUP 6. Postutik 2.era pasatu da “Zientzia Biomedikoak eta Osasun Zientziak” alorrean.
Sarbide irekiko argitalpenak
PP (Open Access) adierazleari begiratuta -sarbide irekia duten argitalpenen proportzioa totalarekiko-, Nafarroako Unibertsitate Publikoa 9. dago Espainiako unibertsitateen artetik; iaz, berriz, hamaikagarren.