Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) proiektu bat koordinatzen du Erasmus+ programako “Berrikuntzarako Aliantza” lerroaren barrenean. Proiektuan, Europako lau eskualdek hartzen dute parte. Hain zuzen, Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak diseinatuak dituzten eskualdeak dira (S4, ingelesezko sigla) eta haietako unibertsitate publikoek konpromisoa hartua dute halako estrategiak garatzeko. ARIES4 deitzen da aliantza eta Nafarroa, Valmart (Suedia), Hegoaldeko Danimarka eta Gabrovo (Bulgaria) eskualdeetako entitate hauek biltzen ditu: NUP, Karlstadeko Unibertsitatea, Hegoaldeko Danimarkako Unibertsitatea eta Gabrovoko Unibertsitate Teknikoa, batetik; zenbait enpresa publiko eta pribatu, bestetik eta, azkenik Lanbide Heziketako zenbait zentro. Proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontua du 3 urterako eta Europar Batasunak 1,36 milioi finantzatzen ditu zenbateko horretatik.
NUPez gain, aliantzan badira Nafarroako berrikuntzako ekosistemako beste kide batzuk ere: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, Sodena sozietate publikoa eta Nagrifood eta Enercluster klusterrak. Elikatze-katea du ardatz lehenbiziko klusterrak, eta energia berriztagarriak bigarrenak, hots, S4 estrategien artetik Nafarroan lehentasuna duten bi lerro. ARIES4 proiektuaren zuzendaria Martín Larraza Kintana da, NUPeko Enpresen Kudeaketako katedraduna eta INARBE ikerketa-institutuko ikertzailea.
Europar Batasunaren deialdira 301 proposamen aurkeztu ziren, baina 117k soilik lortu zuten finantzabidea (proposamenen % 39k). NUPek 84 puntu lortu zituen (batezbestekoa 70 puntu ziren), eta proiektuaren formulazioa eta partzuergoaren eraketa balioetsi zituzten bereziki. Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren babesa izan zuen proposamenak.
Proiektuaren helburuak
ARIES4ren helburu nagusiak dira espezializazio adimentsuko estrategiei buruzko jakintza sortzea eta trukatzea aliantzako eragileen artean (unibertsitateak, LHko zentroak, sektore publikoa eta pribatua eta gizartea oro har), eta halako estrategiak monitorizatzeko tresnak diseinatzea. Horretaz gainera, negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioa sustatu nahi du proiektuak, eta horretarako jardunbide egokietan oinarritutako prestakuntza-programak garatu, analisirako baliabideak sortu, eta trantsiziorako behar diren trebetasunak eman.
Bestalde, berrikuntzako ekosistemetako eragile nagusien pentsamoldea, jarrera eta ekintzailetasuna bultzatu nahi dira, eta arreta berezia jarriko zaie ikasleei (unibertsitateetakoei zein Lanbide Heziketakoei). Finean, aldaketa horiek guztiak jasangarritasunerako trantsizioa lortzera bideratuko dira. Azkeneko helburua eskualdeen artean komunikazio egiturak sortzea da, proiektu honetan ikasitakoa Europako beste toki batzuetara zabaltzeko.