Prestakuntza

MU, Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren fabrikazio-programan

Mondragon Unibertsitateak ondoz ondoko bigarren urtez hartzen du parte Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) antolatu duen EIT Manufacturing programan (www.eitmanufacturing.eu). Programaren helburua da Europako enpresen eta erakundeen lehiakortasuna sustatzea  eta robotika jasangarriaren, fabrikazio gehigarriaren, akatsik gabeko fabrikazioaren, ekonomia zirkularraren eta digitalizazioaren arloetara bideratuta dago. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat ikerketa- eta prestakuntza-jarduerarekin hartzen du parte proiektuan; besteak beste, EIT Manufacturing Master Bikoitza jarri du abian, unibertsitatearen Robotika eta Kontrol Sistemak Masterraren ibilbide bat. hain zuzen ere.

Programaren baitan, lehen prestakuntza-urtea Mondragon Unibertsitatean egingo da, eta bigarrena, berriz, Austriako Technische Universität Wien unibertsitatean, biak ere ingelesez oso-osorik. Masterrak berrikuntzari eta ekintzailetzari buruzko gaitasunak garatzeko 30 ECTS kredituko modulu bat hartzen du barne, eta munta bereko Master Amaierako Lan bat. Europako programa honetan parte hartzeko izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta zabalik jarraituko du martxoaren 1era arte. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak hautatuko ditu master bikoitz hau egiteko eskaerak, hautagaien curriculuma, esperientzia profesionala eta prestakuntza-programarekiko lotura kontuan hartuta, eta aukeratutako hautagaien zerrenda jakinaraziko du ondoren. Eskaerak helbide honetara bidali beharko dira: https://apply.eitmanufacturing.eu/. EIT Manufacturingek zenbait beka-mota eskainiko ditu programa egiteko.

Parte-hartzaileek masterreko titulazio bikoitza eskuratuko dute; batetik, Mondragon Unibertsitateko titulu bat, Robotika eta Kontrol Sistemak Masterra (Sistema Autonomoen espezialitatea); bestetik, Austriako Technische Universität Wieneko titulua. Horrez gain, EIT Manufacturing-en ziurtagiri bat ere eskuratuko dute.

EIT-M masterreko graduatuek enpresa berriak sortuko dituzte, edo berrikuntza sustatuko dute manufaktura-industriako enpresen eta ekosistemaren barruan. Horrela, euren ekarpena egingo dute Europako lehiakortasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta kalitateko lanpostuen sorrera bultzatzeko. Masterrak 4 programa hauek ditu:

  • Pertsonak eta robotak lan jasangarri baterako.
  • ​Fabrikazio gehigarria eta erabateko malgutasuna.
  • Akatsik gabeko industria ekonomia zirkularrerako.
  • Sare industrializatuetarako plataformak.

MU, Estatuko unibertsitate bakarra

Mondragon Unibertsitatea da Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren EIT Manufacturing programan parte hartu duen estatuko lehen unibertsitatea eta bakarra, bi arrazoi hauek direla eta: Mondragon Korporazioko kide delako -Europako.

EIT partzuergoko kide da- eta unibertsitateak enpresen eta erakundeen beharrekin bat egiten duelako fabrikazioaren eta robotikaren arloan.

EIT Manufacturing Master Bikoitza programa garatzeko Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak bi unibertsitate horiek hautatu izana (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa eta Technische Universität Wien) ez da kasualitate hutsa. Bi erakunde horiek oso lerrokatuta daude enpresen premiekin, eta oso gertu daude antzeko ezaugarriak dituzten industriekin, ikasketen praktikotasunari, enpresekiko loturari eta prestakuntzari berari dagokienez.