Urteetan zehar Jazzaldiaren helburuetako bat hauxe izan zen, Norah Jones Donostian izatea. Amets hori datorren uztailaren 22an ikusi ahal izango da gauzatua; abeslariak kontzertu bat emango du Kursaal Auditorioan.
Beteko den beste helburu bat hauxe izango da, bi artista britainiar hauez gozatu ahal izatea: Joss Stone abeslaria eta Nubya Garcia saxofonista. Edizio batean baino gehiagotan saiatu dira haiek ekartzen eta, oraingo honetan, Trinitate plazan arituko dira.
Helburuen zerrenda osatzeko, Ben Harper dago, lehenengo aldiz arituko dena Jazzaldian, baita Enrico Rava ere, pandemiagatik atzeratu behar izan zuena bere emanaldia eta, azkenean, aurten izango dena Donostiako Jazzaldian.
2023ko uztailaren 21etik 25era garatuko den 58 Jazzaldiko ordainpeko kontzertuen programazioa askotarikoa, kalitatekoa, bizitasun handikoa eta zeharo erakargarria da.
Trinitate Plaza
Agertoki honetan, Jazzaldiaren enblematikoenean, artista legendarioen eta izar berrien emanaldiak eskainiko dira: Enrico Rava, musikari italiar emergenteen boskote batekin; Abdullah Ibrahim handia eta bere trioa, eta Jazzaldiko bere azken emanaldian miretsita utzi zuen musikari bat, Bill Frisell, eta bere laukote berria. Bestetik, Trinitate plazan berritasun handiak izango dira gainera: Julian Lage gitarrista paregabea, aipatutako Joss Stone eta Nubya Garcia, eta berealdiko teklista David Helbock austriarra, bere azken proiektuarekin: Austrian Syndicate superbanda.
Kursaal Auditorioa
Kenny Barronek, egungo jazz-pianistarik onenak, 80. urtebetetzea ospatuko du Kursaal Auditorioan. Barronekin batera Jazzaldian lehen aldiz parte hartuko duen Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) arituko da.
Norah Jones, programazio honen erakargarri nagusia, uztailaren 22an arituko da. Pianista eta abeslari handiak gure hirian joko duen lehen aldia izango da.
Hilaren 23an Ben Harper izango da, blues garaikidearen ordezkari bikainena.
Astelehenean, hilak 24, Jazzaren izen handienetako bat, Pat Metheny, Side Eye proiektuarekin. Bertan Methenyk belaunaldi berriko musikari amerikar nabarmenenetako batzuekin joko du.
Eta, azkenik, uztailaren 25ean, asteartean, Rocío Márquez abeslaria BRONQUIO musikari eta ekoizlearekin, Espainiako panoramako proposamen sortzaile eta zirraragarrienetako bat.