Vitoria-Gasteizen, 2023ko irailaren 22tik abenduaren 10era Artium Museoan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, ikusgai dago Nerea Lekuonaren IDEALAK / IDEALES erakusketa.
Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa-programa bat da, duela gutxi museoaren funtsetan sartu diren artisten ekoizpena ezagutaraztea xede duena. Artium Museoa Bilduma, ia 2.800 artelanez osatutako izaera publikoko funts garaikide aparta, ezagutzera ematea helburu duten beste ekimen batzuekin bat egiten du proposamen honek.
Esparru horretan, artelanak, dokumentuak eta artxiboak museo-funtsetan sartzeak gaur egun artearen arloan garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak aztertzen eta horien berri ematen laguntzen du. Hori da, dudarik gabe, museoaren funtsezko eginkizunetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea. Museoaren erosketa-programak helburu hori lortzen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen une bat zertan den jakiteko. Espero da ekimen honek publikoen eta praktika artistikoen topagune gisa funtzionatzea, bertatik orainari begiratzeko eta hura atzematen saiatzeko estrategia berriak lantzeko.
Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barruan, Nerea Lekuona (Vitoria-Gasteiz, 1976) artistaren erakusketak haren azken lanetako bat du ardatz: Laboratorio en Transición izenekoa, hain zuzen ere. Instalazio formatua du lanak, eta orain dela gutxi eskuratu du museoak. Kontzeptuen eta tekniken froga-eremu moduan sortu da lana, Gobernu Zibilak Arabako Artxibategian utzitako artxiboko materialetatik abiatuta eta objektu artistikoen -diseinu grafikoari, le-tteringari, piktogramen sorkuntzari edo Street art-ari lotuak- horma-irudi handi eta konplexu baten erara.
Bestalde, Trantsizioa da, eta zehazki Espainiako Trantsizioaren urteei buruzko kontakizunaren eraikuntza, objektu horien lan-esparrua. Nerea Lekuonak artista konprometitua irudikatzen du, eta proiekzio sozialtzat hartzen du artea, zeina inplikatzen baita hezkuntzan eta artista gazteentzako tailerren programan, eta baita artearentzako eremu alternatiboen kudeaketan eta mantentzean ere. Artearen esparrua ideia trukeen eta gizarte-ekintzaren eta -eraldaketaren espaziotzat hartzen du artistak.