Unibertsitatea

Nazioarteko lankidetzako prestakuntza NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 15 ikasle garapenerako nazioarteko lankidetzako ikastaro bat egiten ari dira udaberriko seihileko honetan, Unibertsitateko irakasleen eta Alboan, Mugarik Gabe, Intermón Oxfam, Gurutze Gorria eta SETEM Nafarroa GKEetako langileen gidaritzapean. Ikastaroaren helburua ikasleak garapenerako esku-hartzeetan aktiboki parte hartzeko beharrezkoak diren gaitasunetan trebatzea da, eta nahitaezkoa da Prestakuntza Solidarioko programan izena eman duten pertsonentzat. Programa horrek hogeita hamar bat ikaspostu eskaintzen ditu ikasturtero Lationamerikako eta Afrikako herrialdeetan praktikaldi bat edo gradu zein master amaierako lana egiteko, NUPen eta destinoko herrialdeko erakundearen koordinazioaren eta tutoretzaren pean.

Nazioarteko Lankidetzako eta Garapeneko ikastaroak, Alicia Chicharro Lázaro Zuzenbide Saileko irakasle eta Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzako Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren Arloko zuzendariak gidatutakoak, metodologia erabat praktikoa aplikatzen du ikasleei askotariko testuinguru eta arazo sozialei buruzko gogoeta eginarazteko, modu horretan hainbat gaitasun gara ditzaten, hala nola ikuspegi globala eta kulturartekoa, erantzukizun soziala, arazoen konponbidea, pentsamendu kritikoa edo espiritu ekintzailea. Prestakuntza horretan, hainbat erakundek eta pertsonak lankidetzaren, ekonomia sozial eta solidarioaren, hezkuntza inklusiboaren, udal kudeaketa parte-hartzailearen eta kontsumo arduratsuaren esparruan gauzatutako proiektuen eta ekimenen esperientziak partekatzen dira. 

Ikastaroaren edukiak bost multzotan daude banatuak: munduko egoera eta giza garapen jasangarria (2030 Agenda, globalizazioa, migrazioak...), garapenerako lankidetza, garapen jasangarria (klima-aldaketa, ingurumeneko erronkak...), ekonomia soziala eta solidarioa eta, azkenik, nazioarteko elkartasuna. Eskolak larunbatetan izanen dira, martxoaren 25a arte, eta parte-hartzaileei 3 kreditu aitortuko zaizkie joateagatik.

Prestakuntza Solidarioko Programa

Prestakuntza Solidarioko Programa NUPen ekimen propioa da, garapenerako lankidetza unibertsitarioaren barnekoa, eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak ere finantzatzen du. Programa horren helburua Unibertsitateko komunitatearen elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak indartzea da, baita nazioarteko lankidetzaren arloan lanbide heziketa praktikoa eskaintzea ere.

Ikasleek hiru eta sei hilabete bitarte emanen dituzte destinoko herrialdeetan. Proiektuak gauzatuko diren herrialdeetako unibertsitateekin, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin eta nazioarteko beste lankidetza-agentzia batzuekin lankidetzan eginen da programa. Ikasleek bidaia-gastuetarako laguntza bat izanen dute, baita gaixotasunak erabat barne hartzen dituen aseguru bat ere, eta ostatu eta mantenu gastuetarako dirulaguntza bat jasoko dute hilero.