Mexikon, Txinan, Hego Korean eta Alemanian ekintzailetza-laborategiak ezarri ondoren, MONDRAGON UNIBERTSITATEAren ekintzailetza-ereduak mugak gainditu ditu eta parekorik ez duen unibertsitateen arteko nazioarteko esportazioaren erakusgarri bakarra da. Espainiako Goi Komisarioak Dubaiko Erakusketa Unibertsalean programatu dituen ekintzetan parte hartzea jauzi kualitatiboa da eta MONDRAGON UNIBERTSITATEAren lidergoa eta "learning by doing" (eginez ikasten) ekintzailetza-ereduaren arrakasta islatzen ditu. Unibertsitateak otsailaren 3an eta 4an aurkeztu zuen bere prestakuntza-eredua Spain Entrepreneurial Nation Summit (Espainiako Nazio Ekintzailearen Goi-bilera) izeneko ekitaldian, Espainiak Dubaiko Expoan duen pabiloian.
Ekintzailetzaren inguruko goi-bilera, esan bezala, otsailaren lehen astean egin zen. Hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitateak otsailaren 3an hartu zuen parte ekitaldian, Aitor Lizartza Martín solaskide izan zela. Mondragon Team Academyren sortzaileetako bat da Lizartza eta MTA ekintzailetza-koordinatzailea Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean. Mondragon Team Academy Mondragon Unibertsitatearen nazioarteko ekintzailetza-sarea da eta ekintzailetza sustatzen du graduko eta graduondoko prestakuntza-programa berritzaileen bidez. Hizlariak MONDRAGON UNIBERTSITATEAren "eginez ikasten" ekintzailetza-eredua azaldu zue, eta, gainera, hizpide izan zituen unibertsitatearen ekintzailetza-ekosistema, ikasleen artean talentu ekintzailea sustatzea xede duten coachen rola -antzinako irakasleak entrenatzaile dira orain- eta prestakuntza-eredu horri aplikatutako berrikuntza.
LEINN, kasu arrakastatsua
LEINN - Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua dago eredu arrakastatsuaren erdigunean. LEINN efektua oso deigarria da, eta munduan zehar izan duen hedapena ezohiko fenomenoa da esparru akademikoan. Martxan jarri eta hamahiru urte igaro ostean, mundu osoko gazteek egin ahal izan dute MONDRAGON UNIBERTSITATEko Enpresagintza Fakultateak 2009. urtetik eskaintzen duen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (LEINN), ekintzailetzarako, lidergorako eta berrikuntzarako ezagutzak biltzen dituen nazioarteko gradu bakarra.
LEINN formulak sekulako arrakasta izan du, eta, horri esker, gradua mundu osoan zehar hedatu da, MONDRAGON UNIBERTSITATEAk Europan, Amerikan eta Asian dituen berrikuntzarako 10 laborategien bitartez (horietako 8tan garatzen da LEINN). Prestakuntzari aplikatutako berrikuntzaren adibide paregabea da. Taldean "eginez ikasten" metodologian oinarritutako gradua da, eta ikasleek eurek zehazten dute ikaskuntza-ibilbidea, zalantzak argitzen laguntzen dien talde-entrenatzaile batekin -lehengo irakaslea da, baina, orain, teamcoach-eginkizuna betetzen du-. Metodologia horren bidez, lehenengo egunetik, benetako enpresa bat sortu behar dute ikasleek, benetako bezero, produktu eta zerbitzuekin, eta diru-sarrerekin. Mondragon Team Academy nazioarteko komunitateak 3.000 ekintzaile baino gehiago biltzen ditu, eta LEINNen sortutako taldeek 120 enpresa baino gehiago dituzte.
Expo Dubai eta Spain Entrepreneurial Nation Summit
"Gogoak konektatu, etorkizuna sortu" goiburuarekin, Expo Dubaik COVID-19aren osteko lehenengo munduko topagune handia izan nahi zuen, mundu eta etorkizun hobeak eraikitzeari buruz eztabaidatzeko.
Planetaren etorkizunaren inguruan hausnartzeko asmoz, 190 herrialde baino gehiagoko ordezkariak Dubain bilduko dira 6 hilabetez, aurrez aurre, martxoaren 31ra arte. Spain Entrepreneurial Nation Summit goi-bilera otsailaren 3an eta 4an egin zen, Dubaiko Erakusketa Unibertsalean Espainiaren eguna ospatu eta biharamunean.
Ekitaldiaren bidez, erakusketa unibertsalaren barruan gune berezi bat sortu nahi zen Espainiak herrialde-marka jakin bat gara zezan, garapen ekonomikoa eta soziala bultzatuko duten ekintzailetzaren eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin lotura sendoa duen marka, alegia. Horretarako, agenda bat diseinatu zuten, apustu hori ondoen islatzen zuten Espainiako enpresak eta proiektu eraldatzaileak ardatz hartuta. Enpresa eta proiektu horientzat, halaber, onuragarria izan zen euren ikuspegia aukeraz betetako ingurune estrategiko batean partekatzea, erakusketa unibertsal batean eta Arabiar Emirerri Batuetan. Izan ere, gero eta enpresa gehiago ari dira herrialde horretara begira, euren negozioa garatzeko eta inbertsioa erakartzeko, eskualderako elkargune bilakatzen ari baita.
EKIN Ekintzailetza Jardunaldiak II
Coworkingak, komunitateari egiten dio erreferentzia: elkarbanatzeari. Eta ekintzailetzak eta berritzailetasunak bat egiten duen puntua, etengabeko ikasketa da. Biak konbinatuz eta elkarrengandik ikasteari lekua egiteko asmoz, EKIN Ekintzailetza Jardunaldiaren bigarren edizioa antolatu zuten Tolosako Udalak eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko Ekintzailetasun Unitateak, martxoaren 23 eta 24rako.
Emari Coworking Espazioak hartu zuen jardunaldi hau, zeinak bi egunetan, “ekintzaile izatearen erronka”-n laguntzea duen helburu. Martxoaren 23 eta 24an ospatu zen jardunaldia, eta eskualdeko ekintzaile eta profesionalekin kontatu nahi izan zen, bakoitzak, bere esperientzia mahai-inguratzeko: ekintzailetzaren tendentziak, coworking espazioen eragin positiboak eta hamaika proiekturen nondik-norakoak izan ziren hizpide.
Javi Rivero izan zen protagonistetako bat, AMA proiektuaren ibilbidea gai hartuta. Hitzaldiaren osteko mahai-inguruan ere hartu zuen parte, eskualdeko beste aurpegi ezagun batzuekin batera: Nerea Elosegui, Ilazki Zalakain edo Iñaki Aranburu, besteak beste. EMARI Coworking Espazioan hazitako proiektuak ere baziren tarteko, gune honen emankortasunaren erakusle. Espazioa bera ezagutu nahi zuen ororentzat ere aberasgarria izan zen jardunaldia.