Unibertsitatea

MUren 25. urtebetetzea (I)

Mondragon Unibertsitateak mende-laurdena bete du, berrikuntzaren, praktikotasunaren eta hezkuntza-kalitatearen erreferente moduan. 25 urteotan, unibertsitate berritzailea, praktikoa, kalitatekoa, konprometitua eta pertsonen garapen integralean oinarritua izatera heldu da. Jose Maria Arizmendiarrietak, Arrasateko kooperatiba-mugimenduaren sortzaileak, 1943. urtetik aurrera eratutako hiru fakultatek bat eginda jaio zen unibertsitatea duela mende-laurden. Gaur egun, nazioarteko erreferentea da hezkuntza-berrikuntzan. Prestakuntza, ikerkuntza eta transferentzia uztartzen ditu, jarduera horien bidez enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzeko eta, horrela, gizarte aurreratu eta lehiakorragoa lortzeko, baina justizia eta aberastasunaren banaketa bidezkoa ahaztu gabe.

Horren data nabarmena ospatzearren, urteurreneko jaialdia egin zuen otsailaren 24an, Mondragon Unibertsitateak Kursaal Biltzar Jauregi eta Auditorioan. Bertan, 25 urteotan unibertsitatearen ondoan egon diren erakunde eta enpresetako hainbat ordezkari izan ziren, baita unibertsitatekoak bertakoak ere. Besteak beste, honako hauek izan ziren ekitaldian: Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Jose Antonio Ardanza, lehendakari ohia; Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun-sailburua; Iñigo Ucín, MONDRAGON korporazioko lehendakaria; Javier Oleaga, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea, eta Idoia Peñacoba, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusia. Horiez gain, beste ehunka lagun bildu ziren ekitaldian. Guztiek ere unibertsitatearen iragana eta oraina izan zuten gogoan, testigantza eta ahotsen bidez. Gainera, zenbait bideo jarri zituzten ikusgai. Haietako batean, unibertsitatea sortu zenetik orain arte errektore izan direnak agertu ziren: Ignacio Lakuntza (1997-1999), Javier Retegui (1999-2001), Inaxio Oliveri (2001-2007), Iosu Zabala (2007-2015) eta Vicente Atxa (2015-gaur egun).

Gaur egun, Unibertsitateak 6.800 ikasle inguru ditu ikasketa ofizialetan (gradu, master eta doktorego-programetan) matrikulatuta, eta, haietatik, 2.200 berriak dira. Ikasketa hauek eskaintzen ditu ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, komunikazioaren, humanitatearen, kooperatibismoaren eta gastronomiaren ezagutza-arloetan: 18 gradu-titulu (11 dualak eta 5 nazioarteko aintzatespendunak), 19 unibertsitate-master (11 dualak eta 2 nazioarteko aintzatespendunak) eta 4 doktorego-programa. Etengabeko prestakuntzari dagokionez, 8.800 profesional inguru trebatzen ditu urtean, haien ezagutzak eguneratzeko. 

Unibertsitatea 1997an jarri zuten martxan Debagoienean zeuden 3 fakultatek. Gaur egun, berriz, 4 fakultate ditu, eta campus hauek: Arrasate, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Goierri, Bidasoa, Hernani, Donostia eta Bilbo.