Mondragon Unibertsitateak 2024ko 'Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards' lehiaketaren finala jokatu zuen joan den ekainaren 16an. Industria jasangarrira zuzendutako ekintzailetza-lehiaketa da, eta oinarri teknologia duten negozio-ideia guztiak sartzen dira. Aurtengo edizioan 32 proiektu aurkeztu zituzten, irtenbide teknologiko eta jasangarriak proposatuz hainbat arlotarako; besteak beste, diseinuaren, industria-prozesuen, biomedikuntzaren eta automozioaren arloetarako. Guztira 11 sari banatu ziren, startup horiek Mondragon Unibertsitateko ikasleak hartzeko, laguntza teknologikoan inbertitzeko eta ikasleek trebatzen eta euren proiektua garatzen jarraitzeko.
Fagor Taldearen, Orbearen, KREANen eta MONDRAGON Korporazioaren laguntzari esker lortu dira bekak, enpresa horiek talentu teknologikoa eta lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzea sustatzen dute eta.
Aurtengo edizioan 32 startupek eman zuten izena, eta haietatik 11k irabazi zuten saria. Zehazki, Talentuaren kategorian, 5 sari banatu ziren -saria beka bat da, urtebetekoa gutxienez eta bi urtekoa gehienez, startupak ingeniaritzako talentu bat hartzeko-; ACCESITaren kategorian, berriz, 3 sari -1.000 euro laguntza teknologikorako-, eta Prestakuntzaren kategorian, 3 sari-ikasleei bi hilabeteko prestakuntza eta laguntza ematea, oinarri jasangarriko proiektu teknologikoa garatzeko-.
Talentuaren saria
Talentuaren saria irabazi zuten startupek, beraz, Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko ikasle bana hartuko zuten, urtebeterako gutxienez eta bi urterako gehienez. Hona hemen irabazleak: SATOP, 3D inprimaketaren onurez baliatuz kirol-oinetakoetarako zolak ekoizten dituena; Keibaran System, material zeramikoa eta harri naturala edo sintetikoa ebaki eta manipulatzeko sistema eramangarria, langilearen osasunerako arriskurik ez duena; LUP, adinekoei edo dislexia duten pertsonei irakurtzen laguntzen diena; BAI, eta Dryfing, neoprenozko jantziak garbitu, lehortu eta desinfektatzen dituena. Kategoria horretako startup irabazle bakoitzak 11.000 euro jasoko ditu urtebetean -edo 25.000 euroraino bi urtean-, ikasle bat lantaldean sartzeko.
ACCESITaren saria
Kategoria horretako startup irabazle bakoitzak 5.000 eurorainoko saria jasoko du, laguntza teknologikoan inbertitzeko. Hauek izan ziren 3 saridunak: Nido, eraikuntzan ingurumen-inpaktua murrizten duten materialak sortzen dituena; Protiberia, intsektu batek -Tenebrio Molitor izenekoak- sortzen duen proteina jasangarria ikertzen duena, eta Bizi Flow, norberaren zainketarako eta etxeko garbiketarako 300etik gora produktu biodegradagarriz, jasangarriz eta beganoz osatutako katalogoa duena.