Unibertsitatea

MUk nazioarteko erreferentziazko unibertsitatea izan nahi du (II)

2024-2028 aldirako Plan Estrategikoa
Bertaratutako agintariei ikasturtearen hasierako ekitaldira etorri izana eskertu ondoren, ekitaldiaren garrantzia aipatuz hasi du Mondragon Unibertsitateko errektoreak hitzaldia; izan ere, Unibertsitateak bertan berresten du, urtero, goi-mailako hezkuntzarekiko eta, bereziki, pertsonen prestakuntza integralaren bidez eragin nahi duen gizarte-eraldaketarekiko konpromisoa. Unibertsitatearen arduradun gorenak bi bloke bereizi ditu bere hitzaldian: iragana eta geroa. Batetik, Unibertsitateak aurten erdietsi dituen lorpenak aipatu ditu, eta, bestetik, etorkizunerako erronka eta lehentasunak identifikatu. Azken horien barruan, azpimarratzekoa da 2025-2028 aldirako Plan Estrategiko berria, Unibertsitateak datozen urteetan erdietsi nahi dituen asmo handiko kopuruak jasotzen dituena.

Ikasleen ikaskuntza-esperientziaren bikaintasuna da Unibertsitateak identifikatutako erronketako bat. Haren bidez, ikasleak pertsonalki eta profesionalki trebatu nahi ditu, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Ildo horretan, helburu hau iragarri du errektoreak: % 20 handitzea Mondragon Unibertsitatean trebatuko diren ikasleen kopurua eta 2028an 8.200era iristea. «Gainera, gure ikasleen % 50ek prestakuntza duala izatea eta % 70ek nazioarteko esperientzia hartzea nahi dugu», erantsi du. 

Etengabeko prestakuntza da Unibertsitateak etorkizunerako identifikatutako beste erronka handietako bat. Izan ere, profesionalen trebakuntza eta prestakuntzazko eguneratzea lehentasunak dira ekonomia eta gizarte guztietan, eta irtenbide malgu eta pertsonalizatuak eskatzen dituzte. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak indartu egingo du etengabeko prestakuntzaren eskaintza, prestakuntza hibrido eta birtualaren bidez, ikasleek gaitasun berriak garatzeko aukera izan dezaten. Eskaintza horri esker, bere ikasgeletan urtero prestakuntza eguneratzen duten profesionalen kopurua bikoizteko asmoa du Unibertsitateak. 

Era berean, enpresei bikaintasunaren bidez ezagutza transferitzea da ondorengo urteetarako beste jardunbide nagusietako bat. Helburua: enpresen lehiakortasuna hobetzea, ezagutza eta teknologia transferitzearen bidez. Zentzu horretan, transferentzia-jarduera % 40 handitzen saiatuko da Unibertsitatea.

Euskadiko presentzia handitzea
Era berean, Unibertsitatearen tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartu beharra dagoela azpimarratu du errektoreak. Tokiko posizionamenduari dagokionez, Unibertsitateak hiru lurraldeetan eskainiko du prestakuntza. Hain zuzen ere, prestakuntza-eskaintza bat sortuko du aurki Araban, Basque Culinary Centerrek bultzaturiko Edariak eta Ardoa (EDA) - Drinks & Wine campusaren bidez. Halaber, errektoreak adierazi duenez, datozen urteetan Bilbo eta Bizkaia izango dira hazteko ahalmenik handiena duten esparru geografikoak. Hori dela eta, Unibertsitateak indarra egingo du lurralde horretan bere presentzia eta eragina sendotzeko, eta proiektu berriak sortuko ditu. Gaur egun, Unibertsitateak 1.300 ikasle baino gehiago ditu Bizkaiko campusetan, eta Bilboko Udalarekin elkarlanean garatutako Bilbao AS Fabrik proiektua goraipatu du errektoreak.

Nazioarteko posizionamenduari dagokionez, Europa, Latinoamerika eta Mexiko dira Unibertsitatearen eremu estrategikoak, eta horietara bideratuko ditu bere ahaleginak eta presentzia, ikasle atzerritarrak erakartzeko. Europan, EU4Dual aliantza dualean lan egiten jarraituko du Mondragon Unibertsitateak, eta nazioarteko lehen unibertsitate duala jarriko du martxan, Europako beste 8 unibertsitaterekin elkarlanean, euskal unibertsitatea gidaria dela.