Unibertsitatea

MUk bere eskaintza akademikoa handitu du (I)

Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du 2024-2025 ikasturtean, hamar titulu berrirekin -lau master, gradu bat, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro-, ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, humanitateen eta gastronomiaren jakintza-arloetan. Gainera, lehendik dauden tituluetako bat beste campus batzuetan eta beste modalitate batzuetan ere emango du unibertsitateak. Eskaintza berri horren helburua da gizartean izandako aldaketek ekarri dituzten beharrei erantzutea eta aldaketa horien araberako lanpostuak betetzea, prestakuntza berrien bidez. 

Eskaintza berri hori, beraz, gehitu egin zaie unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituenei: graduko 18 titulu -horietako 12, dualak-, 21 unibertsitate-master eta doktoregoko 4 programa, bai eta hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu-ikastaro ere zortzi arlo horietan.

Goi Eskola Politeknikoa

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Mekatronikako Gradua eskainiko du Galarretako campusean, 2024-2025 ikasturtean. Orain arte, gradu hori Arrasaten eta Bilbon eman da, eta, datorren ikasturtetik aurrera, Galarretako campusean ere emango da. Titulu horretan, produktuen, makinen, ekipamenduen eta abarren bizi-zikloaren garapena, optimizazioa, muntaketa, automatizazioa, prestaketa eta mantentzea landuko dituzte ikasleek. 

Enpresagintza Fakultatea

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak hiru berrikuntza ekarriko dizkio unibertsitatearen datorren ikasturteko eskaintza akademikoari. Zehazki, bi master berri eta onlineko etengabeko prestakuntzako ikastaro bat izango ditu.
Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra da, gaur egungo aldaketa-uneari erantzun nahi diona, eta etorkizuneko eraldaketa- eta sorkuntza-prozesuetan liderrak izango diren pertsonak prestatzea du xede. Master horrek ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatu nahi ditu, eta irtenbide praktiko eta bideragarriak bilatu, egungo erronka sozial, ekonomiko, ingurumeneko, teknologiko, hezkuntzako edo sozio-sanitarioei aurre egiteko, testuinguru errealetik eta diziplina anitzeko lantaldearen barruan betiere. 

Negozioari aplikatutako datuen alorrean, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako onlineko Masterra eta Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako onlineko Ikastaroa emango dira. Horien helburua da profesionalak prestatzea, erabaki informatuak har ditzaten, datuetan oinarrituta, ez intuizioetan. 0Ingurune ekonomiko global honetan, izugarri lehiakorra eta dinamika aldakorrekoa izaki, lehiarako abantaila izateko aukera ematen die erakundeei sortutako datuen bolumeneko eztanda aztertzeak.