Lau erronka
Gainera, Unibertsitateak gero eta europarragoa izan nahi duela azaldu zuen Mondragon Unibertsitateko errektoreak, eta horregatik heldu diola Europako lehenengo unibertsitate-aliantza dualaren buru izateko ardurari. Aliantza horri esker, urtean Europako 50.000 ikasle baino gehiago trebatuko dira unibertsitate-prestakuntza dualean. Beraz, proiektu hori erreferentziazkoa izango da munduan. Unibertsitateak epe ertainera aurrean dituen lau erronka aipatu zituen errektoreak, eta bat datoz Euskal Unibertsitate Sistemaren 2023-2026 aldirako Planaren ardatzekin: berrikuntza eta kalitatea; Unibertsitatea-Euskadi Basque Country; zientzia eta bikaintasuna, eta unibertsitatea-enpresa. "Unibertsitatearen etorkizunerako beharrezkoak eta estrategikoak diren binomioak", gaineratu zuen.
Lehenik eta behin, Mondragon Unibertsitateak berrikuntzaren eta kalitatearen ardatza lantzen jarraituko du, aitzindari eta liderra baita horretan. Errektorearen iritziz, XXI. mendean ezin ditugu joan den mendean bezala trebatu gazteak; horregatik, garrantzitsua da goi-mailako prestakuntza berritzen jarraitzea, ikaskuntza maximizatzeko, Unibertsitateak sorreratik egin duenez.
"Horretarako, oso argi izan behar dugu metodologia bakoitzarekin lortu nahi dugun prestakuntza-inpaktua. Diseinatzen ditugun prozesuek gure ikaskuntza-helburuak lortzeko balio ote duten ikusi behar dugu, eta prozesu horiek eta ebaluaziokoak egokiak ote diren, bizi garen mundu honetarako". Haren iritzian, garai berriotan askoz malguagoa eta pertsonalizatuagoa izan behar da prestakuntza. Hala, Mondragon Unibertsitatearen konpromisoa izango da ikasleen % 80 ibilbide malgu eta pertsonalizatuetan trebatzea lau urtetan, aurrez aurre eta tresna digital aurreratuak erabilita.
Nazioartekotzea da Unibertsitatearen bigarren erronka nagusia. Bide horretan, Europako lehenengo unibertsitate DUALAren buru, Europako unibertsitatearen kontzeptua lantzen jarraituko du. Horrez gain, Mondragon Unibertsitateak nazioarteko izaera are nabarmenagoa izango duen prestakuntza eskaini nahi die bertako ikasleei, % 70ek, gutxienez, nazioarteko esperientziaren bat bizi dezaten ikasketak burutu aurretik.
Hirugarrenik, zientzia eta bikaintasunaren ardatzari dagokionez, enpresekiko lankidetzaren garrantzia eta Unibertsitatearen elkarlaneko ikerketaren eredua goraipatu zituen Vicente Atxak. Ildo horretan, MUk ezagutza sortu eta transferitzeko proiektuak eramango ditu aurrera Euskadiko 500 enpresa baino gehiagorekin batera. Haiek finantzatuko dituzte Mondragon Unibertsitatearen ikerkuntzako eta ezagutza transferitzeko jardueren % 50etik gora. Ardatz hori laugarren erronkari lotuta dago, hau da, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanari erreparatzen dion erronkari. Unibertsitatea-enpresa harremanak elkarri oso lotuta dauden lau jarduera hauek hartu behar ditu, gutxienez: elkarlaneko ikerketa, etengabeko prestakuntza, ekintzailetza eta lankidetza prestakuntza dualaren arloan.