Unibertsitateak Euskadiko enpresen lehiakortasuna gorenera eramatearen alde egindako apustua nabarmendu zuen Mondragon Unibertsitateko errektoreak
Mondragon Unibertsitateak 2023-2024 ikasturte akademikoaren hasiera-ekitaldi ofiziala egin zuen irailaren 8an, Enpresagintza Fakultatearen Oñatiko campusean. 25. urteurreneko ospakizunak amaitutakoan, orainean eta etorkizunik hurbilenean ipini du fokua Unibertsitateak.
Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak nabarmendu zuenez, Euskadiko enpresen lehiakortasuna ahalik eta gehien handitzea da helburua, eta, horretarako, ikerketa eta transferentzia, profesionalen prestakuntza eta ekintzailetza eraginkortasunez uztartzea.
Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu zuen ofizialki ikasturtea. Lehendakariak hitza hartu aurretik, joan den ikasturteko memoria akademikoa azaldu zuen Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak, eta hitzaldia eskaini zuen Sain Milena López Pérez Enpresagintza Fakultateko irakasle eta ikertzaileak. Era berean, ekitaldian izan ziren Jokin Bildarratz Hezkuntza-sailburua, Javier Oleaga Mondragon Unibertsitateko lehendakaria eta politikaren nahiz irakaskuntzaren arloko beste agintari batzuk; besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Denis Itxaso Madrilgo Gobernuaren ordezkaria, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Javier Oleaga Mondragon Unibertsitateko lehendakaria eta Iñigo Ucín, MONDRAGONeko lehendakaria.
Berrikuntza, lehiatzeko gakoa
Agintariei ikasturtearen hasierako ekitaldira etorri izana eskertu ondoren, ekitaldiaren garrantzia aipatuz hasi zuen Mondragon Unibertsitateko errektoreak hitzaldia; izan ere, ekitaldi horretan berresten du urtero Unibertsitateak goi-mailako hezkuntzarekiko konpromisoa, bai ikasleei eta bai gizartea osoari dagokienez. Nabarmendu zuenez, Unibertsitateak bere DNAn darama gizarte-eraldaketarekiko konpromisoa. Sorreratik landu du ildo hori, arrakastaz gainera, eta horren erakusgarri da Unibertsitateak egoitza duen eskualdeetan langabezia-tasa txikiagoak dituztela eta aberastasunaren banaketa orekatuagoa dela. "Horrek erakusten duenez, kooperatibismoak eta unibertsitate kooperatiboak onura sozial eta ekonomiko asko ekar diezazkiokete gizarteari; horregatik, beste eskualde batzuetara hedatu gara", adierazi zuen.
"Gure erronka jarduera berriak sortzea da, talentua ahaztu gabe. Izan ere, talenturik gabe, ekintzailetzarik gabe, egun aurrera daramatzagun jarduerak eraldatu gabe, zaila izango da lehiakor izaten jarraitzea. Talentua, berrikuntza eta ekintzailetza dira eta izango dira Mondragon Unibertsitatearen bereizgarriak, ziur nago", azpimarratu zuen errektoreak. Ikasturte berriarekin atzean geratuko dira 2022-2023koan egindako Unibertsitatearen 25. urteurreneko ospakizunak. "Mende laurden honetako lorpenak etorkizunera begiratzeko baliatu behar ditugu, eta gure hobetzeko grina sustatzeko; horretarako, etorkizunean eragingarriak izango diren proiektu berriak jarri ditu martxan Unibertsitateak", erantsi zuen.
Horien artean daude Unibertsitateari hazten eta Euskadin zein nazioartean posizio nabarmena izaten lagunduko dioten proiektu estrategikoak.
Azpimarragarriak dira, besteak beste, hauek: eraldaketa digitaleko prozesua, ikasleei Unibertsitatearen zerbitzu guztiak formatu digitalean eta pertzepzio digitalarekin eskaintzea xede duena; ikus-entzunezkoen euskal sektorearen berrikuntza eta ekintzailetza sustatzea, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Aretxabaletako campusean eskaintzen den prestakuntzaren bidez; gastronomian berrikuntzako eta ekintzailetzako jarduerak bultzatzea, Basque Culinary Centerren GOe ekimenaren bidez, adibidez; Enpresagintza Fakultateak Madrilen eta Bartzelonan dituen ekintzailetza-laborategiak eraldatzea, ekintzailetzaren ekosistema osoa garatzeko, eta, azkenik, ikasturte honetan Hirekin abian jartzea, industria-berrikuntzarako eta -ekintzailetzarako zentroa, industria eraldatzea lortzeko.