Unibertsitatea

MU, UNESCOren lehen katedraren parte (I)

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak parte hartuko du UNESCOk bultzatutako ekonomia sozial eta solidarioko munduko lehenengo katedran. Beste lau unibertsitate hauek ere katedrako partaide dira: proiektuaren gidari den Kolonbiako Universidad Cooperativa (UCC), Argentinako Universidad de Quilmes, Mexikoko Universidad Iberoamericana de Puebla eta Madrilgo Complutense Unibertsitatea. «Katedra honen bidez eragileen arteko elkargunea sortu nahi dugu; alegia, ekonomia jakin bat lortzeko helburuarekin teoria, errealitate eta gizarte-mugimendu bat sustatzen ari direnen artean. Ekonomia horren bidez, gizartearentzako emaitzak eta ekarpenak lortu nahi dira arlo sozialean, ekonomian eta ingurumenean», adierazi du Colombia Pérezek, Kolonbiako Universidad Cooperativako Gizarte Ekonomiako eta Kooperatibismoko Institutuko zuzendariak.

Aurreikusita dagoenez, katedrak gizarte-ekonomiari eta GJHei buruzko prestakuntza-programa sortu eta garatuko du; liburuen baterako argitalpen bi plazaratuko ditu; nazioarteko topaketak antolatuko ditu; elkartasunezko elkarte-ekintzailetzaren sariak prestatuko ditu, eta gizarte-ekonomiaren inguruko komunitate birtuala sendotuko du, besteak beste. Ekintza-plan horrek lau urteko iraupena izango du. 

Euskadiren kasuan, Mondragon Unibertsitateak euskal kooperatibismoari buruzko ezagutza, esperientziak eta ikerketa-ildoak partekatuko ditu. «Gizarte-ekonomia eta kooperatibismoa bultzatzeko sare sendoa ehundu daitekeelakoan gaude. Gure identitatea da gure ekarpenaren oinarria, euskal kooperatibismoa, eta ikuspegi hori partekatuko dugu, beste esperientzia batzuen bidez ikasteaz gain», azaldu du Ainara Udaondok, LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren zuzendariak. 

UNESCO: UNITWIN programa

UNESCO Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea da. Hezkuntzan, zientzian eta kulturan nazioarteko lankidetza sustatuz bakea lortzea du xede. UNESCOren programek garapen jasangarrirako helburuak lortzen laguntzen dute.

Helburu horiek Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean onartutako 2030 Programan daude zehaztuta.

UNITWIN eta UNESCO katedren programa 1992an jarri zuten martxan. 117 herrialdetako 850 erakunde baino gehiago biltzen dituen programak unibertsitateen arteko lankidetza eta loturak sustatzen ditu munduan, ezagutzak trukatuz eta lankidetzaren bidez gaitasun instituzionalak indartzeko xedearekin. 

Programa horretan, mundu osoko goi-mailako hezkuntzako eta ikerkuntzako erakundeek baliabideak partekatzen dituzte -giza baliabideak zein materialak-, premiazko erronkei aurre egiteko eta gizarteen garapena laguntzeko.