Unibertsitatea

MU, Hego Korearen lagun

Hego Korea erreferentziazko herrialdea da Mondragon Unibertsitatearen nazioartekotze-jardueren barruan. Mondragon Team Academy sareko laborategi guztietako LEINN - Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko 230 ikasle/ekintzailek Hego Koreara egin dute ikasturte honetan beraien ikasketa-bidaia edo learning journey-a. Ikasketa-bidaia horretan, Asiako berrikuntza-ekosistema eta erreferentziazko enpresak ezagutzen dituzte, eta proiektu ekintzaileak garatzen dituzte. Gainera, campus guztietako Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko (myGADE-dual) 30 ikaslek ere, marketing digital ibilbidekoak, herrialde horretan egin dute nazioarteko egonaldia aurten.

Bixente Atxa (Mondragon Unibertsitateko errektorea), Lander Beloki (Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa) eta Aitor Lizartza (Mondragon Team Academyko koordinatzailea) bertan zirela, Mondragon Unibertsitateak agenda bizia garatu du, eta horren barruan lankidetza-hitzarmen bat sinatu da Sungkonghoe University-SKHUrekin, ikasleen trukea areagotzeko eta jarduera akademikoak elkarrekin garatzeko.
Aipatzekoa da, halaber, Jeju Development Centerrek, Happy Bridge Management Institutek eta Mondragon Unibertsitateak sinatutako esparru-akordioa, Jeju uhartean ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko bi aldeen artean.

Hirugarren akordioa Byulmuri Social Cooperative-rekin sinatu da, ikastetxe berritzaileak biltzen dituen erreferentziazko sare batekin.

Sinatutako akordioez gain, Mondragon Unibertsitateak Jeju Forum for Peace and Prosperity-n parte hartu du bi txosten aurkeztuz: lehena, MONDRAGONen eredu kooperatiboari eta horrek lurralde-garapenean duen eraginari buruzkoa, eta bigarrena, Mondragon Team Academyren hezkuntza-proiektuari eta haren nazioarteko ekintzailetza-ekosistemari buruzkoa. Jeju Forum nazioarteko urteroko hitzordu bat da, 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duena, eta erronka globalei buruz eztabaidatzen da hainbat diziplinatako nazioarteko adituekin.
Bisitaren ekitaldi garrantzitsu bat Happy Bridge Management Institute - HBMIk gizarte berrikuntzari buruz antolatutakoa izan zen. Bertan, Mondragon Unibertsitatea - Mondragon Team Academy, TZBZ, Ashoka Korea eta C.dot-eko ordezkariek parte hartu zuten, LEINN Graduko ikasle eta graduatuekin batera.

Unibertsitateei buruz

Sungkonghoe University-SKH Koreako unibertsitate bat da, lotura handia duena Hego Koreako gizarte-ekonomiaren sarearekin, Management eta Gizarte Zientzien Fakultateekin, Humanitateekin, Komunikazioarekin, Ingeniaritzarekin eta Hezkuntzarekin, eta 4.000 ikasle baino gehiago ari dira bertan ikasten.

Happy Bridge Management Institute- HBMI Mondragon Unibertsitateak Hego Korean duen bazkide estrategikoa da duela hamar urtetik, ekintzailetza, berrikuntza eta ekonomia sozialeko proiektuak batera garatzeko.

Jeju Development Center Jeju uharteko garapen-agentzia da, Hego Koreako uharterik handiena, bere turismo-sektore indartsuagatik erreferentea.

Byulmury Social Cooperative Hego Koreako ikastetxe berritzaileen erreferentziazko sarea da.