Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako ikasketa-amaierako proiekturik onenei sariak eman zizkieten ekainaren 6an MONDRAGONek Otalora Jauregian duen egoitzan. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu ziren. Lehen sariaren irabazlea Ianire Rabanete Gonzalez izan zen, Industria Antolakuntzako Ingeniaritza graduko ikaslea, Ulma Packagingendako egindako “ULMA Packaginentzat mekanizazio-tailerrean 5S garapena eta ezarpena” lanagatik, eta 1.500 euroko saria jaso zuen. Bigarren sariaren irabazlea Ainhoa Sarasola Olano izan zen, Ingeniaritza Mekanikoa Graduko ikaslea, ORKLIrentzat egindako proiektu honengatik: “Multzo magnetikoen karakterizazio-postuaren definizioa”. Kasu honetan, 500 euroko saria eman zioten.
Sariok duela hamaika urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu zituzten.
Guztira 843 proiektu garatu ziren Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 280 euskaraz egin ziren, alegia, %33,2 (aurreko edizioan % 28,5). MONDRAGONeko kooperatibetan 224 proiektu landu ziren, horietatik 62 euskaraz (% 27,7 eta iaz % 20). Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia zuten, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan ziren sarituak.
Epaimahaia osatzen zuten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan ziren: Eneko Bidegain eta Asier Irizar (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri ziren puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.
Saridunak
Laburpena: Gaur egun, ezinbesteko betekizuna da edozein gas sistemen segurtasun termoelektrikoa bermatzea. Gas ihesak agertzeak ondorio larriak ekar ditzake, bai sistema horretan, baita haren inguruan ere. Segurtasun sistema horretan parte hartzen duen elementu nagusietako bat izan da aztergai lan honetan: multzo magnetikoa.