Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Repsol fundazioak hirugarren online saio bat antolatu zuten, energia berriztagarriek Espainian dituzten egoera, bilakaera eta erronkak aztertzeko. Hain zuzen, oraingo honetan, biltegiratze-teknologiek Espainian duten bilakaera aztertu zuten adituek, baita energia berriztagarriak eraginkortasunez hedatzeko duten garrantzia ere. Saioa doakoa izan zen eta otsailaren 6an egin zen, 10:00etatik 12:15era. Parte hartzeko, izena aldez aurretik eman behar zen.
Tarte horretan, energia-biltegiratzeak Espainian dituen erronkak izan zituzten aztergai Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasleek eta zenbait enpresatako adituek. Mondragon Unibertsitatearen aldetik, hauek izan ziren: Unai Iraola, Goi Eskola Politeknikoko irakaslea eta Energia Biltegiratzeko Sistemen ikerketa-taldeko koordinatzailea, eta Eneko Unamuno, irakaslea eta Energia Elektrikoaren taldeko ikertzailea. Enpresen aldetik, berriz, aditu hauek aritu ziren: Raquel Guindo, Repsol fundazioko Hezkuntzaren eta Ezagutzaren kudeatzaile seniorra; Juan Fraga, ID Energy Groupeko Energia berriztagarrien, biltegiratzearen eta energia-teknologia berrien arloko exekutibo seniorra eta aholkularia; Elena Agudo, Repsol Renovableseko proiektu-zuzendari seniorra; José Ignacio Linares, Comillaseko Pontifize Unibertsitateko katedraduna eta Repsol fundazioko Energia Trantsizioko katedrako zuzendaria, eta Marija Vujavic, Hitachi Energyko Energiaren arloko produktu-zuzendari globala Grid Edge Solutions-en. Jardunaldiaren amaieran, galderak egiteko aukera egon zen.
Testuingurua
Energia berriztagarriak funtsezkoak dira isurtze gutxiko energia-eredurako trantsizioan. Hala ere, energia berriztagarrien erabileraren inguruan askotariko zalantzak sortu dira, besteak beste, alderdi hauei dagokienez: horniduraren segurtasuna, sare elektrikoan integratzea, beharrezko mineral kritikoekiko mendekotasuna eta gizartearen onarpena. Gai horiek guztiak jorratzeko eta horri buruzko zalantzak argitzeko, Mondragon Unibertsitateak eta Repsol fundazioak, energiaren arloan erreferentzia diren bi erakunde izaki, online prestakuntzako hainbat saioz osatutako programa bat martxan jartzea erabaki zuten iaz, energia horien etorkizunerako erronka sakon aztertzeko.
Mondragon Unibertsitateak urteak daramatza arlo horretan lanean; hain zuzen, hainbat gradu eta master eskaintzen ditu. Halaber, ikerketa-ibilbide nabarmena duten eta sektoreko puntako enpresekin elkarlanean aritzen diren irakasleak daude unibertsitatean. Hortaz, jardunaldia abian jartzeko, bat egin dute energiaren arloan erreferentzia diren bi erakundek, bai eta sektore horretara ikuspegi berriak ekartzen dituzten beste bazkide batzuek ere.