Beste Berriak

Mondragon Unibertsitateko bost LEINNer 2024ko Forbes zerrendan

Mondragon Unibertsitateko bost LEINNer 2024ko Forbes zerrendan daude, gizarte-eragineko beren proiektu berritzaileengatik. Gizarte-eragineko proiekturik berritzaileenak garatu dituzten pertsonekin Forbesek egiten duen urteko zerrendarako aukeratu dituzte bostak. Hiru Oñatiko laborategikoak dira, Mondragon Team Academykoak, Enpresagintza Fakultatearen nazioarteko ekintzailetza-unibertsitatekoak, eta beste biak Bartzelonako TeamLabs laborategikoak. Ekintzailetzaren panoramako itzal handiko beste 19 pertsonak osatzen dute zerrenda.

Ane Fernández de Arbina (Gasteiz) – Test4Safeko CEOa

Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntzan graduduna da. Metxa ekintzaileentzako proiektuen azeleragailutik eta YouKast startupetik igaro ondoren, Test4Safen lan egitea erabaki zuen. Bertan, EHUren laguntzarekin, edarietan sumisio-drogak detektatzen dituen zerrenda erreaktibo bat sortu dute. Droga horien eraginpean izaten diren bortxaketak saihestea du helburu nagusi.

https://www.test4safe.com/

Iñigo Monreal (Gasteiz) eta María Jara (Eskoriatza) – SMALLOPSen sortzaileak

Biek klima-aldaketari aurre egiteko irtenbide berritzaileak bilatzen dituzte, nanoteknologia erabiliz, adibidez kudeatzeko zailak diren hondakinak oinarri dituzten bioerregaiak eta OPSak (karbonoan kapsulatutako burdinazko nanopartikulak) sortuz. Biogasaren ekoizpena % 20 handitzea eta gas sulfhidrikoaren % 99raino ezabatzea lortu dute.

https://smallops.eu/

Marta Maneja (Bartzelona) eta Hernán Hernández (Jaca - Huesca) – GLOOPen sortzaileak

Erabilera bakarreko plastikoa desagerrarazteko helburuarekin sortutako mahai-tresneria jangarriko marka bat da GLOOP. Koilarak, kafe-irabiagailuak eta lastotxo jangarriak eskaintzen dituzte, erabili ondoren jan daitezkeenak, gailetak balira bezala. GLOOPen sortzaileek ziurtatzen dutenez, beren proposamenek kontsumitzaileen esperientzia hobetzen dute eta ez dute hondakinik sortzen.

https://www.gloop.site/elequipo