Maiatzaren 9an eta 10ean, Mendebaldeko Saharari buruzko Nazioarteko Biltzarra izan zen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, unibertsitate horretako Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak, Mendebaldeko Sahararako Nazioarteko Unibertsitate Behatokiak, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak eta Deusto Gizarte Balioak ikertaldeak antolatuta.
Biltzarrean Mendebaldeko Saharako gatazkari buruzko ikuspegi berritzaileak eta diziplina askotakoak landu zituzten, Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen begiradatik. Mendebaldeko Saharako gatazka munduko luzeenetako bat da eta erronka handiak jartzen dizkigu mahai gainean, gaur egungo testuinguru geopolitikoan. Horregatik, hitzorduak Zuzenbideko, Gizarte Laneko, Nazioarteko Harremanetako eta Enpresako irakasle, ikertzaile eta ikasleen gogoeta kritikorako eta elkarlaneko elkarrizketarako gune bat izan nahi zuen, ikuspegi berriak emateko.
Helburu horrekin, hasierako ekitaldian, maiatzaren 9an, 10:00etan Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Loiola Centrumean, lurralde okupatuetako natur baliabideen espoliazioaren kontrako borroka eta giza eskubideen urraketak izan zituzten hizpide, Juan Soroeta Liceras EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako irakasle titularrak eta Carlos Martín Beristain mediku eta Psikologiako doktoreak.
Maiatzaren 9an eta 10ean, nazioko eta nazioarteko irakasle eta ikertzaileek, hainbat panelen bidez, Mendebaldeko Saharako gatazkarekin lotutako gaiak jorratu zituzten. Hona horietako batzuk: Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegi berriak Mendebaldeko Saharako gatazkan, diziplina askotako ikuspegiak gatazka luzeak konpontzeko, gatazkei lotutako krisi humanitarioak, berrikuntza teknologikoak eta haien eragina Nazioarteko Zuzenbidean, eragile politiko berrien rola Saharako gatazkan, Espainian eta Europan berriki izandako aldaketa politikoetatik eratorritako erronkak, giza eskubideak okupazio luzeetan.
Gainera, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko, Gizarte Laneko, Nazioarteko Harremanetako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasleek tailer eta saio interaktiboetan parte hartu zuten, eta bertan proposamen zehatzak garatu zituzten gatazkaren inguruko erronka esanguratsuenei aurre egiteko, lurraldeko baliabide naturalen espoliazioa, giza eskubideen defentsa giza eskubideak babesteko nazioarteko sistemaren organoetan edo gatazka luzatzeak garapenerako lankidetzari eta laguntza humanitarioari ekartzen dizkion erronkak, besteak beste.
Biltzarraren amaierako saioa maiatzaren 10ean izan zen, 18:00etan. Mahai inguru bat egin zen, gatazka luzeetan giza eskubideen aldeko aktibismoaz hitz egiteko eta honako hauek hartu zuten parte: Hassana Alia, ekintzaile sahararra; María Carrión, FiSaharako zuzendaria eta NomadsHRC GKEaren sortzaileetako bat; Kristina Berasain, ahaztutako gatazketan eta giza eskubideetan espezializatutako kazetaria, 2024an prentsa alorreko Argia Saria jaso duena; eta María López Belloso, Deustuko Unibertsitateko ikertzailea eta Giza Eskubideetan doktorea.