Prestakuntza

Gizonezko gehiago emakumezko baino Euskadiko LHn

Eustatek emandako datuen arabera, 2019-20 ikasturtean Euskal AEn Lanbide Heziketaren hiru modalitateak (oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa) egin zituzten ikasleen artean gizon-kopurua emakume-kopuruaren ia bikoitza izan zen. Patroia hiru modalitateetan errepikatzen da, eta ratioak hauek dira: 2,6 gizon emakume bakoitzeko Oinarrizko Lanbide Heziketan eta 1,9 Goi-mailako Lanbide Heziketan.

2019-20 ikasturtean, Euskal AEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzek, 419.875 ikasle izan zituzten guztira, eta matrikulak % 0,3 egin zuen gora aurreko ikasturtearekin alderatuta. Matrikulen % 93 Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan egin ziren, eta gainerako % 7a Erregimen Bereziko Irakaskuntzetan. 2018-19 ikasturtearekin alderatuta, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan % 0,4ko igoera eman zen eta Erregimen Bereziko Irakaskuntzetan % 0,2ko beherakada. Hala ere, nabarmentzekoa da Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen kopuruak gora egin duela, % 3,2 eta % 2,6, hurrenez hurren. Era berean, nabarmena da Helduen Hezkuntzan erregistratutako    % 10eko igoera, azken lau ikasturteetako beheranzko joera irauliz.

Eskuragarri zegoen eskaintzak baldintzatu zuen Erregimen Bereziko Irakaskuntzetako ikasleen lurralde-banaketa. Hizkuntzen eta musikaren irakaskuntzan eskaintza zabala izan zen eta banaketa Erregimen Orokorreko Irakaskuntzen antzekoa, baina gainerako ikasketek lurralde batean bildu zituzten ikasleak.

Ikastetxearen titulartasunari dagokionez, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetako matrikula apur bat handiagoa izan zen ikastetxe publikoetan ikastetxe pribatuetan baino: % 53 eta % 47. Horrek erakusten duenez, termino absolutuetan, ia 20.000 ikasle gehiago daude irakaskuntza publikoan.

D eredua finkatzen

Hizkuntza-ereduari dagokionez, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan D ereduaren goranzko joerari eutsi zitzaion 2019-20 ikasturtean; ikasleen % 68k euskara aukeratu zuen komunikazio-hizkuntza gisa. Hala ere, aldeak egon ziren hezkuntza-mailen artean: derrigorrezko mailetan –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza–, D ereduko matrikula % 70etik gorakoa izan zen; aitzitik, Lanbide Heziketako ikasleen laurdenak baino gutxiagok egin zituen ikasketak hizkuntza-modalitate horretan.

Gora, adinarekin batera

2019-20 ikasturtean derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko ikasketak egin zituzten 20 urtetik beherakoen artean, % 76 Batxilergoan matrikulatu zen, eta gainerako % 24k erdi-mailako Lanbide Heziketa aukeratu zuen.

Maila horietako matrikulen proportzioan adinaren araberako gradiente bat ikusi zen: 16 urteko ikasleentzat erdi-mailako lanbide-irakaskuntzak aukera minoritarioa izan arren, aukera horrek presentzia handiagoa hartu zuen adinak gora egin ahala.

Maila horietan, sexuaren araberako banaketa askotarikoa izan zen. Batxilergoan, emakumeak gehiengoa izan ziren (% 55), eta erdi-mailako Lanbide Heziketan, berriz, gizonak emakumeen bikoitza izan ziren, gutxi gorabehera. Gainera, genero-desberdintasunak hauteman ziren Batxilergoko modalitateen aukeraketan. Orientazio zientifikoan izan ezik, horretan sexuen araberako banaketa paritarioa izan baitzen, emakumeen presentzia nagusia izan zen, Arteen modalitatean batez ere. Azken horretan, lau matrikulatik hiru emakumeenak izan ziren.

Era berean, erdi-mailako Lanbide Heziketaren eskaintza sailkatzen den lanbide-arlo gehienek desorekak izan zituzten ikasleen sexuaren araberako banaketan. Hala, irudi pertsonalarekin eta pertsonen zaintzarekin erlazionatutako familietan emakumeen ehunekoa % 75etik gorakoa izan zen; aitzitik, sei familia erabat maskulinizatuta egon ziren, eta emakumeen presentzia ia anekdotikoa izan zen, emakumeak ikasle guztien % 10 baino gutxiago izan baitziren: Informatika eta komunikazioak, Fabrikazio mekanikoa, Itsas-Arrantza, Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak, Elektrizitatea eta elektronika eta Instalazioa eta mantentze-lanak.

Unibertsitatez kanpoko goi-mailako hezkuntzan, goi-mailako Lanbide Heziketako matrikulak % 2,6 egin zuen gora 2018-2019 ikasturtearekin alderatuta. Emakumeen proportzioak, bai maila osoan, bai lanbide-arlo desberdinetan, erdi-mailako Lanbide Heziketan antzemandako eredu berari jarraitu zion.

Bekak eta ikasteko laguntzak

2019-20 ikasturtean, Euskal AEko Administrazio Publikoak erregimen orokorreko irakaskuntzei emandako beken eta lagun-tzen zenbatekoa 51 milioi eurotik gorakoa izan zen, eta 120.489 ikaslek jaso zituzten, guztien % 32ak.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kolektiboa izan zen ikasle bekadunen proportzio handiena izan zuena (% 59), eta, ondoren, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (bost ikasletik bik jaso zituzten ikasteko-laguntzak) egin zituztenak.