Unibertsitatea

Liburuaren Astea UPV/EHUn

Jakintza zabaltzeko bide hedatuenetako bat da liburua, eta UPV/EHUko jendartea berez da liburu-ekoizlea eta erabiltzailea. Bada, Nazioarteko Liburuaren Egunaren (apirilak 23) aitzakian, askotariko ekitaldiak antolatu ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan, apirilaren 22tik 26ra bitartean.
Batetik, liburu-trukeak izan ziren, TRUKARTUZ lemapean. Liburuak trukatuz edo hartuz ezagutza zabaltzeko jardueraren izena zen Trukartuz, eta ekimenerako sortutako irudia liburu sorta bat zen, norabide guztietan geziak osatzen zituena eta trukea sinbolizatzen zuena. Horren emaitza izartxo bat zen, literaturan zerbaiten esanahia nabarmentzeko erabiltzen den sinboloa. Campusetako biblioteka-atarietan UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratutako zenbait liburu izan ziren trukerako mahaian, eta bertara zihoan edonork liburuak hartu eta utzi ahal izan zituen 10:00etatik 15:00etara bitartean. Trukerako mahaia Portugaleteko Ingeniaritza Eskolan egon zen apirilaren 22an, Arabako Las Nieves ikasgelategian apirilaren 23an,  Carlos Santamaria zentroaren atarian apirilaren 24an, Bizkaia Aretoa UPV/EHUn apirilaren 25ean eta Bizkaiko Campuseko Liburutegi Nagusian, Leioan, apirilaren 26an.

Liburuak trukatzeko tarteaz gain, liburuez solasteko tarterik ere izan zen UPV/EHUn Liburuaren astean: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuan 2020 eta 2023 urtean argitaratutako paperezko liburuen artetik 20 liburu aurkeztu zituzten liburuen egile zein apailatzaileek apirilaren 25an Bizkaia Aretoan izan zen aurkezpen-maratoian. Goizeko 10:00etatik 16:30etara bitartean deiturik zeuden egileak. Filosofia, sareetako berriak, emozioak, teatroa, mendia, adierazpen grafikoa… askotariko gaiak jorratu zituzten orrialdez orrialde, eta horren berri ematera zetozen. Streaming bidez jarraitu ahal izan ziren aurkezpenok EHUtb-ren 1. Kanaletik (esteka eskuragarri dago hemen: www.ehu.eus/ehukultura).

Bestelako ekitaldirik ere bazen liburuak aitzakia hartuta: Gipuzkoako EHUkulturak antolatuta, idazleak gonbidatu ziren unibertsitateko gela eta biblioteketara. Irakasleek gidaritza lana egin eta gonbidatuekin solasean aritu ziren liburuez, askotariko ikuspegietatik: Maitasun kapitalari buruz solastu ziren Karmele Jaiorekin, liburuen ilustrazioa izan zuten hizpide Elena Odriozola eta Amaia Agirrek, Ipuingitzaz aritu ziren Nerea Ibarzabal eta Eider Rodriguez, irakurketa ezberdinez aritu ziren, ostera, Begoña del Teso eta Juan Aldaz eta entsegua eta itzulpena ekarri zuten Koldo Tellitu eta Igor Etxabek. Saio horietako batzuetan izen-eman behar zen eta, horretarako, www.ehu.eus/ehukultura atarian zuen sarbidea joan nahi zuenak.

Iaz Liburu egileak kanala sortu zen sareetan (Ikusi kanalak hemen: Liburu egileak - Vimeo & Liburu egileak - Youtube), UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako liburu-egileen bideo laburrak jasotzen dituena. Oso harrera ona izan du kanalak eta, iaz bezala aurten ere bideo-sorta elikatzeko aleak grabatu ziren Liburuaren astean.

UPV/EHUko biblioteketako funtsetatik abiatuta erakusketa bi izan ziren ikusgai liburuaren astean: Arabako Campusean, Koldo Mitxelena Bibliotekaren atarian Beatoak: erdi aroko bestsellerra eta Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria bibliotekan Ipuinak marrazten, euskal irudigileak.