Letoniatik eta Poloniatik etorritako irakasle talde batek lan-bisita bat egin du berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Europako RACOBEU proiektuaren barnean, zeinaren helburua Bigarren Hezkuntzako ikasleengan STEM bokazioak sustatzea baita, batez ere nesken artean eta astronomiaren arloan. Zenbait unibertsitatek eta ikastetxek hartzen dute parte proiektuan, eta haren zuzendaria Silvia Díaz Lucas da, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea.
Lan-bisita hori proiektuko bazkideen lehenbiziko bilera presentziala izan da. NUPen aldetik, zehazki, Jesús Palacián, Patricia Yanguas, Rafael Ruiz eta Silvia Díaz irakasleak izan ziren bertan. Zentro laguntzaileen aldetik, berriz, honako hauek: Vladislavs Bezrukovs, Jesús Cazares eta Aija Kalnina, Letoniako Ventspils University of Applied Sciences unibertsitatekoak (VUAS); Michal Michalowski, Poloniako Adam Mickiewicz University zentrokoa (AMU); Ewa Raba eta Wiktoria Zi, Poloniako Spark Academy Bigarren Hezkuntzako Institutukoak (SA), eta Isabel Beltrán, Ruth Bosque eta Carmen Blanco, Iruñeko Padre Moret Irubide BHIkoak.
Javier Goicoechea Fernández Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak (ETSIIIT) eta Carlos Ruiz Zamarreño Ingeniaritza Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko zuzendariak egin zieten harrera proiektuko ordezkaritzako kideei. Ondoren, Rafael Ruiz irakasleak Carlos Nagore museoa erakutsi zien, Haginak eraikinaren beheko solairuan. Han, proiektuko kideek Rotary 7A-2 telefono-zentrala aztertu zuten bereziki. Telefono-zentral analogiko bat da, errele hautatzaileen eta bilatzaileen sistema elektromekaniko batez osatua. Zentralak bi telefono automatikoki konektatzeko balio du, eta NUP-ekoa da Espainiako unibertsitate batean erabilgarri dagoen bakarra. Ruiz irakasleak haren funtzionamenduaren erakustaldi labur bat egin zuen, eta, jarraian, bitxikeria batzuk azaldu eta bertaratutakoen zalantzak argitu zituen.
Bisitan, zenbait bilera egin zituzten proiektuan aurreikusitako ekitaldi eta jarduerak antolatzeko, baita haien kalitatea bermatzeko batzorde batzuk sortzeko ere. NUPeko bisitaren ondoren, segizioa Iruñeko Planetarioan ere izan zen, eta han “Deep Sky” filma proiektatu zen. Gero, Javier Armentia instalazioaren koordinatzaileak hitzaldi bat eman zuen.
RACOBEU proiektua
RACOBEU proiektuan (Radio Astronomy Collaboration Between European Universities), honako hauek hartzen dute parte: Iruñeko Padre Moret Irubide BHIk, Ventspils University of Applied Sciences (Ventspils, Letonia) eta Adam Mickiewicz University (Poznan, Polonia) unibertsitateek eta Ventspils Secondary School No.2 (Letonia) eta Poznango Spark Academy (Polonia) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek. Proiektuaren helburua da lankidetza-sare bat sortzea aipatutako unibertsitateen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen artean. RACOBEUk hiru urteko iraupena izanen du, 2023ko azarotik 2026ko urrira, eta 250.000 euroko finantzaketa du bazkide guztientzat.
Bigarren Hezkuntzako ikastetxe horiek aitzindariak izanen dira hezkuntza-eredu berri bat diseinatzen, zeinak oinarri izanen baitu ikasleek astronomiako eta irrati-astronomiako gaitasunak eta ezagutzak modu eraginkorrean eskuratzea proiektu espezifikoetan aktiboki parte hartuz.