Beste Berriak

LEINNeko ikasleak Seulen

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko (LEINN) 180 ikasle ekintzaile Koreatik itzuli ziren uztailean, nazioarteko ikaskuntza-bidaia (learning journey) egin eta gero. Mondragon Unibertsitatearen nazioarteko ekintzailetza-sareak Europan, Asian eta Amerikan dituen hamar laborategietan aritu ziren ikasten ekintzaileok. Ikaskuntza-bidaiei esker, ikasleek aukera dute beste herrialde batzuetan ekintzailetzaren arloan zer egiten ari diren jakiteko, garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko eta herrialde horietan haien enpresa-proiektuak sustatzeko. Izan ere, 180 LEINNerrek benetako 15 enpresatan (team company izenekoetan) jarduten dute nazioarteko laborategietan.

LEINN graduaren helburua hauxe da: ekintzailetza eta berrikuntza ikuspegi global batekin bultzatzea, ikasleek bisitatzen dituzten herrialdeetako erronkarik garrantzitsuenekin lotzeko eta euren proiektuen bidez herrialde horietan negozio berriak garatzeko.

Mondragon Unibertsitatetik azaldu dutenez, "MTAren learning journey direlakoak edo ikaskuntza-bidaiak funtsezko osagaiak dira LEINNerren ikasketa-prozesuan. Beste kultura batean partekatzean, elkarri eragitean eta esperimentatzean oinarritutako esperientziak dira". Izan ere, esperientzia horri esker, ekintzaileek taldean ikas dezakete, bai eta beste kultura batean murgildu; elkarlanean esperimentatu; ikuspegi, helburu eta metrika komunak partekatu, eta gainerakoez arduratu ere, emaitza bikainak lortu ahal izateko.

Aurten, Koreara ez ezik, munduko beste hainbat herrialdetara ere bidaiatu dute Mondragon Team Academyren (MTAren) nazioarteko ekintzailetza-sarearen laborategietatik, hala nola Alemaniara, Euskadira (kanpokoek), Costa Ricara eta Finlandiara. Horrela, 50 taldek baino gehiagok aukera izan dute munduan bidaiatzeko, kultura berriak ezagutzeko eta euren proiektuak beste herrialde batzuetan garatzeko. Zehazki, 5 herrialde bisitatu dituzte, 500.000 kilometro baino gehiago ibili, 300 enpresa baino gehiago bisitatu, 1.000 bezerorekin baino gehiagorekin elkartu eta 2.000 elkarrizketa-ordu baino gehiago egin.

Seul eta proiektuak

LEINNerrek era guztietako proiektuak garatu dituzte Koreako hirian, batez ere gorantz doazen arloetan eta Korea, bere ezagutza aurreratua dela eta, nabarmentzen denetan. Alde batetik, proiektu horietako batzuek smart city edo hiri adimendunen sektoreko joerak eta kasuak aztertzea izan dute xede, bai Espainiako enpresei begira, bai Koreako enpresei laguntzeko bazkide edo aukera berriak bilatzen, hackathon eta antzeko ekitaldietan. Bestetik, arteari lotutako proiektuak ere garatu dituzte team companyek, herrialdeen arteko zubiak eraikitzeaz batera euren jarduera ezagutarazteko.

Besteak beste, proiektu hauek garatu dituzte ekintzaileek: Skink, tatuajean entrenatzeko eta profesionalizatzeko produktuak; Zure Aukera, moda iraunkorraren arloan Korea, Espainia eta Mexiko lotzen dituzten workshops edo lantegiak; K-Entertainment, K-Pop lizentzien banatzaile berria, eta Bayadare, ostalaritzan talentua kudeatzeko proiektua, Asiako merkatuan espezializatuta dagoena -Espainiako merkaturako sushi sukaldaritzako langileak bilatzen ditu, eta Europako talentua Seuleko europar jatetxeetarako-. Bidaia horretan ez dute ahaztu Blockchain teknologia eta horrek eskaintzen dituen aukera berriak. Hala, 3 proiektutan -Kanda, Reaktion eta FTR- sektoreko enpresak ezagutzen aritu dira, horien CEOekin elkartzeko eta baterako sorkuntza-proiektuei ekiteko. Era berean, aukera berriak sortu dituzte espainiar enpresentzat Korean hain hedatuta eta garatuta dauden Non-Fungible-Tokens (NFT) edo token ez-suntsikorrekin.