Beste Berriak

Lehendakariak Derioko Txorierri Institutuko instalazio berriak bisitatu ditu (III)

Eraikin nagusia berritzea

“U” forma duen eraikin nagusian egin den jarduketarik garrantzitsuena izan da beheko solairuan zuzeneko pasabide bat irekitzea, iparraldeko patioa (U-aren barruan geratzen den espazioa) lotzen duena eraikinaren hegoaldean geratzen den patioarekin edo kirol-pisten eremuarekin, horretarako eraikinaren barrura sartu beharrik gabe edo eraikina inguratu beharrik gabe.

Gainera, eraikin horren hegaletako bat, hau da, U-aren adarretako bat luzatu da (ekialdeko hegala), mendebaldeko hegalaren luzerarekin pareka dadin. Erantsitako espazio horrek irakaskuntza-erabilerako ikasgela osagarri berriak hartzen ditu. Halaber, eraikinaren barruko espazio batzuk birbanatu eta berrantolatu dira, eta komunak eguneratu eta egokitu dira, irisgarritasun-irizpideak aplikatuta.

Kanpoaldean, eskola-esparruaren hegoaldeko muturrean, autoentzako eta autobusentzako aparkaleku bat gaitu da. Horrela, ikasleek eskola-esparruaren barruan egin dezakete autobusetako sartu-irtena, askoz ere modu seguruagoan. Partzelaren iparraldeko eta hegoaldeko muturren artean dagoen kota-aldea (desnibela) gainditze aldera, arrapalak eta eskailerak eraiki dira, altuera desberdinak lotzeko.

DBHrako eraikin berria jasotzeko lanak 2022ko Aste Santurako amaitu ziren; hartara, ikasleak oporraldien ondoren hasi ziren instalazio berri horiek erabiltzen, eraikin nagusian berritze lanak egiteko espazioak libre utziz. Jarduketa guztiak amaitutakoan, Txorierri BHI ikastetxeko eskola-komunitateak 2022-2023 ikasturtearen hasieran ekin dio espazio guztiak (berriak zein berrituak) erabiltzeari.

Lanak amaitu ondoren, DBH 1etik 3ra bitarteko ikasleak eraikin berrian kokatu dira, eta DBH 4koak eta Batxilergokoak eraikin nagusian.