Enplegua

Lanaren azoka Gasteizen

Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak antolatutako Empleo Gune Foroaren hamabigarren edizioak 2022an aurrez aurreko formatua berreskuratu zuen berriro ere eta jardunaldi nagusia maiatzaren 5ean egin zuen Europa Jauregian. Empleo Gune inguruko enpresetako giza baliabideetako profesionalen, enplegua sortzen duten erakunde publikoen, enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren pertsonen, ikasleen eta lan eta gizarte arloetan lan egiten duten profesionalen arteko topagunea da.

Antolatutako jardueretan izena emateko epea hilabetearen hasieran jarri zuten abian. Maiatzaren 5ean egin zen topaketan informazioa emateko mahaia egon zen. Bertan, lurraldeko erakunde publiko nagusiek lurraldeko egungo eta aurrez ikusitako eskaintzaren berri eman zuten. Bestalde, nabarmendu beharrekoa da enplegu pribatuaren sektorearteko mahaia. Bertan, industria, merkataritza, osasun eta logistika arloetako lau enpresek beren sektoreen inguruko lan-aurreikuspenen berri eman zuten. Bestalde, programak orientazio arloko profesionalei zuzendutako saio teknikoa ere bildu zuen. Aurtengo edizioan, jolasaren pedagogien aplikazioa eta orientazio arloko gamifikazioa izan ziren gai nagusiak.

"Indarrez itzuli"

Alkateordeak eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, Maider Etxebarriak, nabarmendu zuenez, “Empleo Gune Foroaren hamabigarren edizio hau indarrez itzuli da pandemia dela eta iaz modu birtualean antolatu behar izan ondoren. Profesionalekin eta tailerrekin egindako tutoretza pertsonalak ere jasotzen dituen egitarau zabalak interakzioak ugarituko dituela eta partaideei lana topatzen lagunduko diela espero dugu”.

Bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu Sustapenaren diputatuak, Cristina Gonzálezek, nabarmendu zuenez, “topaketa hau oso garrantzitsua da; izan ere, funtsezko une hauetan lan-aukerak eta sektore ugariren etorkizuneko erronkak aztertzeko ez ezik, eskaera gehien jasotzen dituzten profilak zein diren detektatzeko ere baliagarria izango da. Hitz gutxitan esanda, profesionalentzat, ikasleentzat eta tituludunentzat aukerak topatzeko tokia izango da”.

Bestalde, UPV/EHUren Arabako Campuseko errektoreordeak, Manoli Igartuak, honako hau adierazi zuen: “Empleo Gune, batez ere, ikasleen, profesionalen, enpresen eta erakunde publikoen arteko topagunea da. Enplegagarritasuna bultzatzen laguntzeko sortutako gunea da eta, batez ere, gazteenen artean. Aurten antolatutako jardueren artean, administrazio publikoan lan egiteko aukerei buruzko informazio-saio bat azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, EAEko administrazio publiko nagusiek hartuko dute parte. Hemendik, gure ikasleak eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren pertsona guztiak gonbidatu nahiko nituzke enpresa eta erakunde laguntzaileen standak bisitatzera, haien interesekoak diren informazio-saioetan eta tailerretan parte hartzera, eta enplegurako orientazioko banakako saioetan esku hartzera”.

Une bakoitzean indarrean dauden lan-eskaintzak webgune honetan daude eskuragarri, ekitaldiaren inguruko informazio guztiarekin batera: www.empleo-gune.org.