Deustuko Unibertsitatearen ezaugarri dira goi mailako hezkuntzan 130 urte baino gehiagoko ibilbide luzea eta hezkuntza eredu propioa, nazioartean aitortua, azpiegitura teknologiko modernoetan eta etengabeko berrikuntzan oinarritua. Berrikuntza uniber-tsitate honen DNAn bertan dago. Hala, koronabirusaren pandemiaren garaian, Deustuk bere burua berrasmatu du eta berehala gai izan da ikasketak modu presentziala eta birtuala uztartuta eskaintzeko, ikaskuntzaren kalitateari eta ikasleekiko arretari uko egin gabe.
Unibertsitateek, gaur egun, ziurtasunik gabeko eta zalantza askoko garaiak bizi dituzte. Baina mundu aldakor honetan, Deustu ez dago geldirik eta berritzen jarraitzen du. Pandemia garaian berritzen aritu da, baina, batez ere, egunez egun ari da berritzen, Unibertsitateak ekarpen esanguratsua egiten jarrai dezan, tokiko ingurunean zein ingurune globalean. Horregatik, eskaintza akademikoa etengabe berritzen eta egokitzen ari da, ziurgabetasuna etengabea izango den gizartearen eskariari erantzuteko.
Eta premisa horiekin ari da Deustu datorren ikasturtea prestatzen. Ikasturteak berrikuntzak dakartza, bereziki Donostiako campusean. Izan ere, 2021-22 ikasturtean Zuzenbideko gradua eskainiko da bertan. Bilboko campusean tradizio handiko titulazioa da, 130 urte baino gehiagoko esperientzia du Deustuk legelarien prestakuntzan. Graduak nazioarteko programa bikoitz bat ere eskainiko du, borondatezkoa. Programa bikoitz hori eginez gero, 4 urteren buruan Zuzenbideko gradua eta AEBetako masterra lortu ahal izango dira.
Donostiako campusean bertan, Deusto Business Schoolek EAZko graduan eta EAZ + Berrikuntza eta Ekintzailetza graduan zuzendaritza estrategikoko ibilbide duala eskainiko du. Ibilbide duala enpresan egingo da, 3. mailako bigarren seihilekoan eta 4. maila osoan. Hala, ikasleek enpresa estrategiaren ikuspegi osoa eskuratu ahal izango dute; pertsonak, baliabideak eta sistema teknologikoak kudeatu, lehiakortasuna hobetzeko; eta erabakiak hartzerakoan balioa sortu.
Azpimarratzekoa da Deusto Business Schoolek, Deustuko Unibertsitateko negozio eskolak, berriki eskuratu duela AACBS akreditazio ospetsua. AACBS (Association to Advance Collegiate Schools of Business) munduko negozio eskola onenak aitortzen dituen nazioarteko erakundea da. Espainian sei negozio eskolak besterik ez dute akreditazio hori eta munduko negozio eskolen % 6k jaso dute kudeaketako prestakuntzan kalitatea eta bikaintasuna egiaztatzen duen ‘zigilu’ hau.
Berrikuntza horiek ikasturte honetan abian jarritakoei gehitu behar zaizkie. Hain zuzen ere, 2020-2021 ikasturte honetan hasi dituzte eskolak hainbat gradutako lehenengo ikasleek: Medikuntza; Robotika; Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala; Bideo jokoak, Errealitate Birtuala eta Areagotua; eta Fisioterapia, azken hori Donostiako campusean. Fisioterapiako ikasleentzat eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietakoentzat instalazio berriak prestatu dira Donostiako campusean, besteak beste, hiru laborategi (Anatomia eta Natur Zientziak, Biomekanika eta Neurozientziak, eta Fisiologia), bi simulazio areto (ZIU-ospitaleratzea eta ariketa terapeutikoetako gimnasioa), gimnasioa, tatamia, fitness aretoa, aldagelak…
Azpiegitura horiek Larramendi funtzio askotako eraikin berrian daude. Eraikinak campusa ekipamendu modernoz hornitu du eta, horrela, nabarmen hobetuko dira guztien jarduera akademikoa eta unibertsitate esperientzia bera. Eraikinak bost solairu ditu, 11.921,55 m2-ko azaleran (5.601,89 m2 sestra azpitik eta 6.319,66 m2 sestra gainetik). Kirol kantxa estalia; ikasgelategia, 13 ikasgela berri eta erabilera askotako areto bat duena (Foro Aretoa); eta liburutegi berria daude bertan. Liburutegi berria, Bilboko liburutegia bezala, IIBZ-Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroa da. Guztira 3.150 m2-ko azalera du, talde lanerako 21 areto, ikasteko banakako 220 toki, prestakuntza gela, ikertzaileentzako tokia, atseden har-tzeko tokiak… Lur azpiko aparkaleku bat ere badu, 60 toki dituena. Eraikinaren fatxadak campuseko gainerako eraikinen itxurari eutsiko dio, terrakota koloreko zeramikazko akabera baitu.