Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) Unibertsitate Pabiloian egingo den LAN Party Nafarroak amaitu du irailaren 1etik 4ra egingo diren jardueren programa. Izena eman duten pertsonentzako 450 ordenagailu-postu, hitzaldi eta tailerrez gain, ostiralean, hilak 2 eta larunbatean, 10:00etatik 20:00etara, sarrera libreko eta doako “Open space” bat egingo da. Jende guztiari zuzenduta egongo da, eta simulagailuak, errealitate birtualeko esperientziak, 3Dko inprimaketa, dronak, txapelketak, kontsolak, tailerrak eta hitzaldi teknologikoak izango ditu. Hitzaldi horietako bat Carlos Santanak (DotCSV) emango du, Youtubeko adimen artifizialaren dibulgatzaileak.
Sarrerak oraindik salgai daude www.navarralanparty.org webgunean. Aurreikusitako jardueren artean, bideojokoen eta arte digitalaren txapelketak ere sartzen dira, eta antolatzaileek 3.000 euro banatuko dituzte saritan.
Aurten bosgarren edizioa izango da, eta Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) antolatu du, hezkuntza-erakundearen laguntzarekin. Horrez gain, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala Sailaren, Iruñeko Udalaren eta Tracasa, CyC, Naudit, CDMguru, Openbravo eta 2,4/CE enpresen babesa du. Aurten ere, Vodafoneren teknologiari esker, lehen aldiz 10 Gb/s-ko abiadura izango dugu, mota horretako ekitaldietan Espainiako konexiorik azkarrena.
Tailerrak eta hitzaldiak ostiral eta larunbatean izanen dira. Ostiraleko hizlarien artean, CYCko Sergio Armendárizek azalduko du nola aplika daitekeen hacking etikoa edo “Pentesting” delakoa hodeiko ingurune batean; Javier Vázquezek 2023rako Valoranteko joko lehiakorrean aurreikusten diren aldaketa handiei buruz hitz egingo du; Tracasako Fernando Lacunzak, berriz, AUDIT saioaren garapenaz arituko da.
Larunbatean, 11:00etan, Carlos Santanaren txanda izango da. “Adimen artifiziala eta multimodalitatea: hizkuntza, kodea eta artea sortuz” izango du hizpide, IAko sistema berriak edukia sortzeko modua aldatzen ari direla erakusteko. Larunbateko saioek 12:30ean jarraituko dute, “Nola egin zeure legamia akustikoa” tailerrean, Asier Marzo NUPeko Smart Cities institutuko ikertzailearen eskutik, eta Openbravoko Augusto Mauch-en tailerrarekin bukatuko dira, ahots-aplikazioak garatzen ikasteko.
IKTen dibulgazioa
Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC), ekitaldi honen antolatzaileetako bat, irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, 2018an sortua, Foru Komunitatean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaldu, sustatu eta bultzatzeko, teknologia gizarteari hurbiltzeko eta horren inguruko komunitatea sortzeko.
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Navarra LAN Party webgunea, baita Twitter eta Instagram-eko @navarralanparty kontuak ere.