Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen Erasmus+ proiektu europarrak zabaltzeko jardunaldian parte hartu zuen apirilaren 7an.
Bilboko Iberdrola Dorrean burutu zen jardunaldian 150 pertsona inguru elkartu ziren, Euskadiko Lanbide Heziketako 32 Ikastetxetako arduradunak, eta 2021-2022 ikasturtean Europako beste herrialde batzuetako Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan garatzen ari diren berrikuntza-proiektuak aurkeztu zituzten, Erasmus+ KA2 programaren barruan. Lantaldetan antolatuta, beren proiektuak aurkeztu eta beste ikastetxe batzuetako kideekin partekatu zituzten.
Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak) koordinatuta, Euskadiko ikastetxeek 97 berrikuntza-proiektutan hartzen dute parte ikasturte honetan, Europako beste bi ikastetxerekin, gutxienik, lankidetza elkarteak osatzen dituztela; hala ere, ohikoena lauzpabost ikastetxek proiektu berean parte hartzea izaten da. Datu horrek agerian uzten du Euskadi oso eskualde aktiboa dela Europan. Azken urteotan, ikasturtez ikasturte, euskal ikastetxeek parte hartzen duten berrikuntza-proiektuen kopuruak gora egin du, eta ikasturte honetako 97 proiektuetara iritsi da, orain arteko kopururik altuenera.
Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek parte hartzen duten ia ehun proiektu horien artean askotarikoak daude, hala nola, pedagogia edo ikaskuntza-metodologia berrien ingurukoak, mugikortasun elektrikoa, jasangarritasuna, ekintzailetza edo errealitate birtuala lantzen dutenak, beste hainbaten artean.
Nazioartekotzea, euskal Lanbide Heziketaren funtsezko ardatzetako bat da. Gaur egun, Euskadiko Lanbide Heziketak harremanak ditu bost kontinenteetako ehun herrialde baino gehiagorekin, nazioarteko hainbat lankidetza-sareren bidez.
Tknika
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika.
Ardatz nagusitzat berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua izanik, Tknikak Euskadiko lanbide-heziketa Europako abangoardian kokatzea lortzeko helburuz egiten du lan egunero.
Sare-lanaren bitartez eta lanbide-heziketako irakasleen inplikazioari esker, munduko eredurik aurreratuenak erreferentetzat dituen zentro honek teknologiaren, prestakuntzaren eta kudeaketaren eremuekin lotura duten berrikuntza-proiektuak garatzen ditu.
2016-2017 ikasturtetik, TKNIKA UNEVOC zentroa da. Euskadiko LH-ko estandar eta kalitatearen hobekuntzan laguntzea da Tknika UNEVOC-Zentroa izatearen helburu nagusia.
Aurrerapen teknologikoak aldaketa sozial eta ekonomiko garrantzitsuen erritmoa ezartzen du; teknologia funtsezko elementua da Euskadiren garapenerako eta, beraz, gure lanbide-heziketarako.
Alde horretatik, Tknikako Berrikuntza Teknologikoa eta Sistema Adimendunak Arloaren helburua da teknologia bat sortzen denetik euskal gizarteak etekina atera arte igarotzen den denbora murriztea, eta Euskadin merkatunitxo berriak garatzea ahalbidetzen duten teknologiak ikertzea.
Horretarako, Euskadiko Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Sistema daukagu, gizarteari eta, bereziki, ETEei balio erantsi handia eskatzen duen ingurune batean lehiatzeko erronkan laguntzeko. Sistema hori Eusko Jaurlaritzaren Espezializazio Adimenduneko Estrategian oinarritzen da. Estrategia honek Lanbide Heziketako V. Euskal Planetik, Tknikaren bidez eta lanbide-heziketako ikastetxeen bidez hedatzen diren lehentasunak ezartzen ditu.
Hemendik aurrera, zaintza-nodoen bidez antolatutako zaintza prozesu bat abiarazten dugu. Bildutako informazioa prozesatu eta LHko sistemako ikastetxeei jakinarazten zaie, harekin lerrokatutako ekimenak proposa ditzaten. Ekimenak programa desberdinen bidez lehenetsi, hautatu eta garatzen dira. Azkenik, lortutako emaitzak lanbide-heziketako gainerako zentroetara eta ETEetara transferitzen dira.
Hautemandako interes-esparruen artean, batzuk, konplexuak direlako edo heldutasun-maila txikiagoa dutelako, dedikazio handiagoa behar dute Lanbide Heziketaren beharretara egokitu ahal izateko. Horiek dira arloko proiektuetan lantzen diren eta gure lan ildoak zehazten dituzten esparruak. Hurrengo irudian gure egungo lan ildoak zeintzuk diren erakusten dira.
Ingurune estrategikoetan aplikatutako berrikuntza
Ekoizpen sarea etengabe eraldatu da teknologia berriek bultzatuta eta, ondorioz, ekimenak eta proiektu estrategikoak garatzea ezinbestekoa da lanbide heziketan. LHko lehentasunak eguneratu eta Euskadiko berrikuntzaestrategiarekin lerrokatzea funtsezkoa da aberastasuna eta ongizatea sortzeko, ingurune estrategiko espezializatuen sorrera bultzatuz.
Tknikako Lanbide Heziketaren eremuan, ingurune estrategikoetan aplikatutako Berrikuntza Arloaren helburua da enpresa-sarean berrikuntza bultzatzea, aldaketa eta transformazioa sendotzeko gaitasun eta jarrerak garatuz, berrikuntzaren eta ekintzaile-ekimenaren bitartez eta enpresak ikasketa-prozesuaren parte izanez.
Ingurune oso aurreratuei erantzutera zuzendutako ekintzak sustatzeko programak ezarri dituzte. TKgunen, gure produkzio-sarearen ingurune estrategikoetan berrikuntza-proiektuak garatzen dituen programan, bi norabideko transferentzia garatzen duten programak garatzen dituzte, enpresen berrikuntza-beharrei erantzuteko eta lehiakortasuna hobetzeko proiektuen bidez, batez ere enpresa txiki eta ertainen – ETEak – esparruan.