Beste Berriak

Kuvu-k bere finantzaketa txanda ireki du

Kuvuk, beste belaunaldietako pertsonekin etxea partekatzeko bitartekaritza-zerbitzua eskaintzen duen startup-ak, joan den maiatzaren 24an iragarri zuen 500.000 euroko finantzaketa-txanda irekiko zuela, eta horietatik 80.000 euro bilduko dira Crowdfunding plataformaren bitartez.

Haize Truebak, Jon Ander Fernándezek eta Eduardo Fierrok 2019an sortu zuten enpresak ostatu bila dabiltzan pertsonei etxebizitzarako sarbidea erraztea eta etxeetan logelak libre dituzten adineko pertsonei diru-sarrera eta konpainia bat eskaintzea du helburu.

Kuvu bere komunitatearen parte diren pertsonak eta etxebizitzak hautatzeaz arduratzen da, baita bizikidetza bermatzea eta esperientziak kontrolatzeaz ere. Horrez gain, bateragarritasun sistema bat erabiltzen du, bakoitzaren interesen, nortasunaren eta eskakizunen arabera pertsona egokiena aurkitzen laguntzeko.

Batez ere, Bartzelonan, Madrilen eta Bilbon jarduten duen startupak 400 ostalari baino gehiago ditu erregistratuta eta belaunaldien arteko 70 bizikidetza esperientzia baino gehiago bideratu ditu. Finantzaketa txanda honekin, Kuvuk produktu eta zerbitzuen zorroa sendotu eta merkatu nazionalean duen presentzia areagotu nahi du.

Eduardo Fierro Kuvuko fundatzaile eta zuzendari nagusiaren esanetan, “gure eginkizuna gizarte inklusiboagoa eta solidarioagoa sortzea da, non belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkarrekin bizi eta elkarrengandik ikas dezaten. Txanda honekin hazten jarraitu nahi dugu eta euren etxea partekatu behar edo partekatu nahi duten jende gehiagorengana iritsi”.

Finantzaketa txanda uztailaren erdialdera arte egongo da zabalik eta Crowdfunding Bizkaia plataformaren bitartez (https://crowdfundingbizkaia.com/proyectos/kuvu) parte hartu ahal izango da, inbertitzaileei abantaila fiskalak ere eskaintzen dizkiena. Kuvuk bere helburua lortzea eta txanda arrakastaz ixtea espero du bere proiektu sozial eta berritzailea sustatzen jarraitzeko.