Uniozio

Kulturaren Loraldia Bilbon (II)

Musika

Aurtengo festibala hasiera hasieratik izango du musikaren presentzia. Sustraien Matxinada ekitaldian, kasu, folklorea, jazza eta musika klasikoa uztartuko dira, eta literatura izango dute lagun. Tradizioa eta modernitatea elkartuko dira oholtzan, kulturaren XXI. mendeko ikuspegi berri bat bilatzeko. Lantalde apartak eskainia: Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbao. Martxoaren 5ean, Bidebarrieta Liburutegian.

Munduari Begiratzeko proiektuaren hazia duela 20 urte jaio zen New Yorken. Kirmen Uribek, MIkel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek euskal kultura eta euskara beste kontinente batera eraman zuten, eta euskal poesia, kantagintza, zinema, rock alternatiboa eta ilustrazioa mundura zabaldu zituzten. Bi hamarkada geroago proiektu hori berreskuratu dute, mugarri bat izan zena, mugarri berriro izatera martxoaren 13an Arriaga Antzokian. Sortzaileek ospakizun bat moduan bizi nahi dute emanaldi hau eskaintzeko aukera. Ekitaldia baino lehen Ixiar Orejak gako interpretatiboak eskainiko ditu, Loraldiak antolatu duen ikusletegian.

Egungo euskal musika taldeek ere bere tokia izango dute Loraldia Festibalean. Martxoaren 14an Arriaga Antzokian, Loraldiako oholtzan Neomak taldearen sorginkeriaz betetako doinu hauskorrak entzungo ditugu. Gainera, kontzertua baino lehen, taldea hobeto ezagutzeko aukera izango dugu Agurtzane Intxaurragak eskainiko duen ikusletegian.

Ai gure juaneteak! Patxo Telleriaren proposamen berria da eta Loraldia Festibalean estreinatuko du. Musika eta antzerkiaren nahasketaren emaitza da. Mikel Laboaren zenbait kanten berrinterpretazioak izango dira eszenatokian, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatiak gaur egungo begiradatik ikusteko aukera izango dugu. Harekin batera eszenatokian izango dira Adrián Garcia de los Ojos eta Maider Lopez. Estreinaldi mundiala martxoaren 15ean izango da, Itsasmuseumen.

Hurrengo egunean, martxoaren 16an eta Itsasmuseumen baita ere, Jean Mixel Bedaxagar musikariak bere seigarren lana aurkeztuko digu, Erresiñula kantari. Udazkenean argitaratutako lan berri hau ezagutzeko aukera paregabea. Bedaxagarrek 30 urte daramatza bere artea fintzen: dantza, txirula eta kanta.
Jon Maiaren azkenengo lana, Kantu berri bat gara, 2021. urtean ateratako Kantu bat gara lanaren jarraipena da. Kasu honetan, berriak diren abestiak izango dira ekitaldi honen protagonista, nahiz eta beste zenbait abestiren bertsioak ere egongo diren. Gonbidatu bereziak ekarriko ditu Maiak. Kontzertu honetaz gozatzeko aukera izango dugu martxoaren 23an Euskalduna Bilbao.