Loraldia Festibalak 10 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobil honetan, ohi bezala, euskaratik sortzen den mundua ikusteko begirada propioa erakutsiko da.
Martxoaren 1ean hasita, eta 23ra arte, euskarazko kulturaren bilgune nagusiak 28 ekintza antolatu ditu, euskal kulturaren adar guztiak ukitzen dituztenak. Bilboko hainbat gune 120 artista baino gehiagoren ekitaldiez beteko dira martxoan zehar 13 espazio ezberdinetan.
10. Loraldia, mundua begiratzeko 10 modu diferente
Munduari begiratzeko modu bat, horixe da Loraldia Festibaleko aurtengo edizioaren leloa. Lelo hori Kirmen Uribek idatzitako poema batean jasota dago, eta aurtengo festibalaren programazioan parte hartzen duen Munduari begiratzeko ikuskizunak eskainiko du, hain zuzen ere.
Aurtengo Loraldia Festibalak martxoko hiru astetan zehar euskaraz sortzen den kultura eskaintzaren munduko txoko guztien erakusleioak herritarren aurrean jarriko ditu: bertsolaritza, teatroa, musika, zinea, dantza, ikus-entzunezkoak…
Euskal kulturaren bilgunea izanda, euskal munduan erreferenteak diren hainbat izen aurkituko dira: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda, Patxo Telleria,… besteak beste. Horrela 120 sortzailetik gora.
Gainera, Loraldia Festibala sortzaile gazteentzako espazioa ere bada, eta horregatik Loraldia Terminalean zenbait artista emergente aurkituko dira: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta...
Euskal kulturaren erakusleiho izateaz gain, Loraldia Festibala kulturaren eragile ere bada, eta horregatik aurten ere ekoizpen propioak diren edo Festibalerako espreski sortu diren piezak izango dira.
2024 Festibalerako sortu diren piezak
Urtero-urtero, Loraldiak euskal kulturan parte hartzen du Festibalerako produkzio propioak ekoiztuz. Gainera, sortzaile askok Loraldiaren agertokia erabiltzen dute beraien azkenengo obrak plazaratzeko.
Kulturaren sustatzaile den bezala, 2022. urtetik Loraldiak Sormen Digitala Beka deitzen du, euskal sortzaile zein eragileei zuzendutako proiektu digital bat sortu eta ekoizteko laguntza. 2022ko bekaren irabazleen uzta aurtengo Loraldia Festibalean estreinatuko da: Gorputzaren atzean izeneko emanaldia, mundu digitala eta analogikoa bilduko dituena. Osagaiak, teatroa, dantza eta ikus-entzunezkoak. UPV-EHUko irakasle talde bat da eragilea eta Katixa Agirrek idatzi du gidioia.
Obra 2050. urtean gertatzen da, eta etorkizun horretan pertsona guztiek biki digital bat izatea normaltzat jotzen da. Poluxek, protagonistak, bere biki digitalarekin (Xulop) konexioa galdu du. Xulopek datu asko galdu ditu, baina bere bizitzaren inguruko zenabit oroitzapen ditu oraindik… Martxoaren 3an, Azkuna Zentroa- Alhondiga Bilbaon.
Aurtengo festibaleko ediziorako espreski sortu diren egitasmoak ere izango dira. Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean, esaterako, da horietako bat. Natura eta kultura, gure identitatearen zutabeetako bi, uztartzen dituen proiektua da. Mendi ibilbide gidatu honetan, Bilboko hainbat emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera eskainiko da, beti ere Bilboko mendi eta basoen ikuspegiez gozatuz. Irati Agirreazkuenaga izango dugu gidati eta tartean, musikaz gozatzeko aukera izango dugu, Miruak taldea eta Jatorki abesbatzaren eskutik. Martxoaren 16an izango dugu ibilaldi kultural honetaz gozatzeko aukera.
Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskaria ere 2024ko festibalean ikusiko da lehenengoz. Loraldia festibalak sortutako formato honetako ikuskaria urtero antolatzen da, bertsolaritza, musika eta literatura uztartuz. Idazle bati eskatzen dio Loraldiak geroari begira jarri eta testu bat asmatzea; eta horren gainean musika sortuko da eta bertsolariak arituko dira. Martxoaren 17an Guggenheim Bilbao Museoko entzungelan Iban Zalduak sortutako testua irakurriko du, Ibil bedik musika jarriko dio eta Miren Artetxe eta Alaia Martin arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren gidaritzapean.