Elkarteen eragina
Errealitate horri aurre egiteko, trans adingabeen familien elkarteek komunikabideekiko harremanetan erabilitako estrategiek lagundu egin dute komunikabideek gaiari jartzen dioten arreta handitzen eta transexualitatearen estaldura orokorra hobetzen, narratiba horien berezko inpaktu emozionala aprobetxatzen dutelako. Espainian komunikabideek transexualitateari ematen dioten arreta nabarmen hazi da XXI. mendeko lehen bi hamarkadetan zehar, eta interes publikoko gai bihurtu da. Ondorio horretara garamatzate Naizen, Chrysallis, Daniela Fundazioa, Euforia eta Arelas taldeei egindako elkarrizketa sakonek, Naizen elkarteko izen emateen azterketak, Osakidetzako genero unitatera bertaratutakoen kopuruak eta 30.000 albiste baino gehiagoren edukiaren analisi kuantitatiboak (Hizkuntza Naturalaren Prozesamenduaren teknikak erabilita).
Ikertzaileak bildutako ebidentzia enpirikoaren arabera, “euskal trans adingabeen trantsizio sozialak aurresaten ditu transexualitatearen (batez ere, haurren transexualitatea) estaldura mediatikoak. Bi eragiteko modu baloratzen dira.
Bata identifikazioa izango litzateke. Ikusgarritasuna handiagoa denez, komunikabideetan aurkezten diren trans protagonistekin eta haien bizipenekin identifikatzen dira trans adingabeak eta haien familiak. Bestea, kemenaren bidez izango litzateke: komunikabideetan gainditze istorioak erakusten badira, transexualitatea modu positiboan tratatzen badute eta protagonisten inguru sozialak ongi hartu duela erakusten badute, trantsizio soziala egitera animatu ditzake horrek trans adingabeak eta haien familiak”.
Ikerlariaren iritziz “argi dago trans komunitatearekiko pertzepzioa eta jarrera aldatu ditzaketela komunikabideek. Gainera, eragin nabarmena izan dezakete pertsona horien identifikazio prozesuetan eta trantsizio sozialean. Zehazki, 2015 eta 2018 artean Euskadiko trans adingabeen identifikazio prozesuetan eta trantsizio sozialean komunikabideek nola eragin zuten frogatzen du tesi honek, modu enpirikoan, Naizen elkartean (Adingabe Transexualen Familien Euskadiko Elkartea) egindako izen emateen bidez. Tesian lantzen diren alderdi zehatzak alde batera utzita, “20.000 especies de abejas” (Estibaliz Urresola) filmaren inpaktu mediatikoaz galdetuta, ikertzailearen ustez, “azken hamarkadan indartzen ari den gizartearen kontzientziazio sozialeko prozesuaren emaitza da. Hain zuzen ere, duela hamar urte nekez egingo zuketen horrelako pelikula bat”.
Ez du uste film honek maila mediatikoan beste inflexio puntu bat markatuko duenik, baina oso garrantzitsuak iruditzen zaizkio mota horretako produktu kulturalak: “Komunikabide informatzaileak funtsezkoak izan ziren iraganean, eta gaur egun agenda publikoaren eta politikoaren ikuspegitik garrantzitsuak izaten jarraitzen badute ere, ziur asko, adingabe transen trantsizio sozialeko prozesuetan askoz eragin handiagoa izango dute horrelako produktu kulturalek, komunikabide informatzaileek baino; horregatik da garrantzitsua Urresolaren filmaren erakoak egitea”.