“Mende honetako lehen hamarkadetan iraultza bat gertatu da transexualitatearekin lotutako gertakarien kazetaritza-estaldurari dagokionez. Gaiak sortzen duen arreta mediatikoa hazi egin da eta, gainera, interes publikoko gaia bihurtu da; hala, murriztu egin da transexualitatearen deslegitimazio publikoa”, egiaztatu du Rubén Oliveira Araujok, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko ikertzaileak.
“Transexualitatea beti izan da albiste, baina azken bi hamarkadetan inflexio puntu bat ikusi dugu gaiaren kazetaritza estaldurari dagokionez”, baieztatu du Oliveira Araujok bere “La (r)evolución del discurso de los medios de comunicación sobre la transexualidad: representación, construcción de agenda y transiciones sociales” tesian.
“XX. mendearen hasierako erdian zehar, transexualitatea noizbehinka agertzen zen prentsan, eta modu sentsazionalistan, trabestismoari buruzko edo berresleitze hormonal eta genitalerako kirurgiei buruzko kontakizunen bidez. Ondoren, bigarren mailako albisteetan agertu ohi zen, krimenekin, prostituzioarekin eta antzeko gaiekin lotutako istorioen bidez” dio ikerlariak.
Hala ere, Rubén Olveira Araujoren arabera, “XXI. mendean gaia lantzeko modua aldatu dute hiru faktore giltzarrik: Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 3/2007 Legea; 2013an kontzientziazio soziala handitu izana; eta 2017an Espainiako 'Hazte Oír' eskuin muturreko elkarte espainiarrak kaleratutako publizitate kanpaina, aurrez 'Naizen' elkarteak (Adingabe Transexualen Familien Elkartea) kaleratutako beste sentsibilizazio kanpaina baten aurka egiteko”. Ikertzailearen iritziz, 2007ko legea “lagungarria izan zen transexualitatearen estaldura mediatikoa dibertsifikatzeko eta gaia gertakarien ataletik eta berresleitze genitaleko ebakuntzetatik aldentzeko, eta, hala, beste ikuspegi batzuetatik ere lantzeko, hala nola lanaren ikuspegitik. Gainera, nortasunean eta erregistroko izenaren eta sexuaren aldaketan zentratu zen. Hala, transexualitatea genitaletatik harago ulertzera behartu zituen, nolabait, kazetariak eta gizartea”.
Bestetik, trans gaiak komunikabideen agendan sartzeko orduan, funtzio garrantzitsua izan dute hainbat baliok, hala nola gatazkak, aldizkakotasunak, ulergarritasunak eta giza interesak. Kazetarien sexua eta aurrez kazetaritzan izandako esperientzia, antza denez, ez dira faktore garrantzitsuak transexulitatearen estaldura mediatikoan. Hortaz, badirudi erredakzioetan gailentzen den balio sistemak baldintzatzen duela komunikabideek trans gaiei eskaintzen dieten arreta eta trans komunitatearen deslegitimatzea, baita kazetarien jarrera, balio eta sinesmen pertsonalek ere: “Komunikabideentzat, transexualitatea ez zen gai bat, uneko gai nagusiaren (adibidez, gertaerak) albiste izaera handitzen zuen ezaugarri edo osagarri bat baizik Eta, agendarik ez dagoenean, gizarteko jarrerak, sinesmenak eta balioak kopiatu edo islatu ohi dituzte komunikabideek. Jarrera, sinesmen eta balio haiek ez ziren oso atseginak transexualitatearekin. Azken finean, kazetariak ez dira taldetik kanpo dauden superheroiak, taldearen parte baitira. Ondorioz, gainerakoak bezain prestatuta egoten dira: normalean, gutxi samar”, adierazi du Olveira Araujok.