Hasi Zibersegurtasunean eta Biolaborategietara
Tknikako instalazioetan barrena egindako ibilbidean, Kataluniako ordezkaritzak, bertako zuzendari eta arduradunen eskutik, zentro honek lantzen dituen arlo estrategikoetako batzuk eta horietako bakoitzean garatzen ari diren proiektuak ezagutu ahal izan ditu.
Beste zenbait eremu eta arloren artean, lehenik eta behin, espazio interaktibo digitalak bisitatu dituzte, Euskadiko Lanbide Heziketak bizi duen eraldaketa digitalaren adierazle gorena. Bertan, ikasleek mahai eta horma digitalak erabiliz egiten dute lan, elkarlanean eta ikaskuntza aktiboko metodologien bidez; edo Zibersegurtasuneko gelak ere bai, non ikasleak oso denbora gutxian gomendagarria izatetik guztiz ezinbestekoa izatera igaro den arlo horretan trebatzen diren.
Etxe Egokitu Adimenduna, Ikaslab gela edo Robotika Autonomoko tailerrean ere egin dituzte geldialdiak. Lehenengoan (Etxe Egokitu Adimendunean) domotika eta teknologia berriak integratzen dira, etxean pertsonen oinarrizko premiei erantzuna ematera bideratuta. Horretarako, adimen artifiziala eta gailu mugikorrak baliatzen dira, hala nola ahots-laguntzaileak, mahai adimenduna, errealitate areagotuko betaurrekoak edo, are gehiago, zoru sentsorizatua ere bai, etxean gerta daitezkeen erorketak kudeatzeko. Ikaslab ikasgelan, 3D inprimaketari eskainitako gunean, teknologia horren aplikazio berriak garatzen dira. Gaur egun, teknologia horrek aukera ugari eskaintzen ditu merkatuko ia sektore guztietan, eta etorkizuneko industriarako estrategikotzat jotzen da. Bestalde, Robotika Autonomoko tailerrak autonomia handiko aplikazio robotikoetan erabiltzen diren teknologiak ikertzen ditu, ondoren ezagutza hori Lanbide Heziketako irakasleei helarazteko.
Bisita Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloko laborategietan amaitu da: Landarrain laborategia (akuaponia-sistema, akuikultura eta hidroponia uztartzen dituena) eta Bioteknologiako laborategiak.