Josep Gonzàlez-Cambray Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Tknika bisitatu dute Errenterian, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa. Kataluniako hezkuntzaren arduradunak egunotan Euskadira egiten ari diren bidaiaren baitan kokatzen da bisita, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hezkuntza-arloko hainbat gai estrategikori
buruzko ikuspegiak eta analisiak trukatzeko helburuz.
Bisita honetan Kataluniako ordezkaritzaren interesgune nagusietako bat Lanbide Heziketa da, hain zuzen ere. Gonzàlez-Cambrayk eta bere taldeak Lanbide Heziketako euskal eredua ezagutzeko interesa agertu dute, hainbat alderditatik begiratuta, hala nola, eredu honek inguruko enpresekin duen harremana, garatzen ari diren berrikuntza eta ikerketa aplikatuko proiektuak, onarpen-prozesua edo Lanbide Heziketa Dualaren
eredua, besteak beste.
Bi sailburuekin batera, Tknikara egindako bisitan eta ondorengo bileran parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzatik, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Rikar Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak eta Jon Labaka Tknikako zuzendari exekutiboak. Kataluniako Generalitatearen izenean, Patrícia Gomà Hezkuntzako idazkari nagusia, Nuria Mora Hezkuntza Eraldaketarako idazkaria eta Gemma Espanyol kontseilariaren Kabineteko zuzendaria izan dira, kontseilariarekin batera.