Gizartea eraldatzen duen eta bere burua eraldatzen duen unibertsitatea
Ondoren, “erantzukizunaz” mintzatu zen. Badaki Deustuko Unibertsitateak oso erronka garrantzitsuak dituela aurrean, batzuk gainerako unibertsitateekin partekatuak, eta beste batzuk espezifikoak, unibertsitatearen zeregina ulertzeko dugun moduarekin zerikusia dutenak. “Etorkizun hurbilak garrantzi handiko erronkak planteatzen dizkigu, konplexuak bezain erakargarriak”, adierazi zuen.
Horri dagokionez, errektoreak iragarri zuen orain bizi ditugun eta datozen urteetan biziko ditugun aldaketa sozial, teknologiko, kultural eta erlijiosoek behartuko gaituztela bultzatzera eta garatzera gure Plan Estrategiko onartu berrian aldarrikatzen dugun printzipio bat: “Deusto gizartea eraldatzen duen eta bere burua eraldatzen duen unibertsitatea dela, une bakoitzeko beharrei hobeto erantzuteko”.
Juan José Etxeberriaren iritziz, asko dira gizateria osoarekin batera erantzun behar ditugun erronkak, besteak beste, planetaren narriadura ekologikoa, eraldaketa energetikoa, giza mugikortasuna, gizarte gero eta askotarikoagoetako bizikidetza eta aldaketa teknologiko azkarren eragin politiko eta soziala. Horri guztiari, gure ingurune hurbilean, krisi demografiko larria gehitu behar zaio, ekonomia, gizarte eta politika arloetan eragina duena. Aldaketa horiek ondorioak izango dituzte Unibertsitatean.
Ildo horretatik, uste du aldaketa nabarmenak gertatuko direla ikasteko eta irakasteko moduan, unibertsitateko eragileen izaeran eta kopuruan, gure gazteen izaera soziokulturalean, gizartearen eskarietan, edo unibertsitateko hezkuntzak eta jakintzaren sorkuntzak esan nahi dutenaren ikuskera sozial eta politikoan. “Horrek guztiak gure egiturak, gure titulazioak, gure prozesuak eta gure tradizioak birpentsatzeko eta berregiteko aukera ematen digu, betiere beste batzuekin elkarrizketan, errealitate horri arretaz entzunez, eta beste unibertsitate batzuekin eta era askotako eragileekin aliantzak eginez edo sarean jardunez”, adierazi zuen.